Ibilbide gidatuen denboraldi berriak Itsas Museora bisita ere eskainiko du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Ibilbide gidatuen denboraldi berriak Itsas Museora bisita ere eskainiko du

Ibilbide gidatuen denboraldi berriak Itsas Museora bisita ere eskainiko du

2017/01/16


Ibilbide Gidatuen programak nobedadeak dakartza aurten Barakaldora. Parte-hartzaileek 19 bisita egiteko aukera izango dute urte osoan hiriaren alderdi desberdinak ezagutu ahal izateko: historia, ondarea, Errekatxoko meatze zaharrak, Munoa Finka... Aurtengo denboraldiak ibilbide konbinatuak eskainiko ditu Munoa izenburuaz. Ibilaldi horietan, bisitariak Bilboko Itsas Museora eramango dira Udalak pinakoteka bilbotarrari utzitako Horacio Echevarrietari buruzko erakusketa zuzenean ezagutu dezaten, eta ondoren, Barakaldoko altxorra bisitatuko dute. Ibilbideotan arkitektura ibilbide bat ere sartu da udalerriaren hirigintza-garapenaz ohartzeko.


Ibilbideak urtarriletik uztailera bitartean egingo dira. Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) egin daiteke izen ematea, Barakaldoko 010 zenbakira hots eginez. Kanpotik eginez gero deia, 944 789 200 markatu behar da. Urtarrilean eta otsailean egingo diren ibilbideak historia eta Munoaren ingurukoak izango dira. Barakaldon dauden eraikin enblematikoak eta adierazgarriak ikusi ahal izango ditugu lehenengo ibilbidean. Otsailaren 12, 19 eta 26an egingo den bigarren ibilbidean autobusez joango gara Itsas Museoraino Horacio Echevarrietari buruzko erakusketa ikusteko, eta ondoren, Echevarrietarena izan zen jauregia bisitatuko dugu.


“Ibilbide Paregabeak izeneko programan horrelako bisitaldi konbinatu bat egin dugu, hau da, parte-hartzaileak CHIMAra eraman ditugu Horacio Echevarrietari buruzko erakusketa ikus dezaten, eta ondoren Munoa Finkara. Ibilaldi mota hori arrakastatsua izan denez, Ibilaldi Gidatuen programan ere sartu nahi izan dugu, eta horrela, Itsas Museoari utzitako erakusketa ere baliatuko dugu” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.
Martxoak denboraldiko beste nobedadeetako bat ekarriko digu: arkitektura ibilbideak. "Ondareari buruzko Europako Jardunaldietarako antolatu zen ibilbide hori, eta arrakasta handia izan zuen" adierazi du Canterok. Industrializaziori eta hona etorritako langile saldo izugarriari lotutako mugarri garrantzitsuak uztartuz, Barakaldo garaikidea ezagutzea du helburu ibilbide honek, mugarri horiek eragin baitzioten Barakaldoren hedatzeari, Hiri Antolamenduaren Orotariko hainbat Planek baldintzaturik. Martxoko 19 eta 26ko igandeetan egingo dira irteerak.


INDUSTRIA, MEATZARITZA, LORATEGI BOTANIKOA...


Industria izango du ardatz apirilak: hirian oraindik dirauten industria hondarrak bisitatuko ditugu, hala nola BLG edo Ilgner eraikina. 23 eta 30ean izango da.


Maiatzaren 14 eta 21ean Errekatxo araneko antzinako meatze-ustiategia eta Luchana Minning trenbidea bisitatuko ditugu. Ekainaren 11 eta 18an, Agate Deunaren baseliza, eta hara joan aurretik, erdi aroko galtzada eta Larrazabalgo antzinako eskolak. Errekatxo eta Urdandegieta bisitatzeko irteerak uztailean egingo dira, Ingurumenaren ibilbideen barruan: zingira zaharrean paseatuko dugu, Castaños ibaia inguratuz, naturaz zuzen zuzenean gozatzen dugun bitartean.


Lorategi Botanikoa ere bisitatuko dugu; aurten beteko ditu 15 urte. Apirilaren 29an, maiatzaren 20an eta ekainaren 4an egingo dira bisitak.
Irteera bakoitzean, 2 euro kobratzen da normalean; baina erretiratuek, pentsiodunek eta 7-12 urte bitarteko umeek euro bat ordainduko dute, eta 0tik 7 urtera bitarteko umeek, berriz, bat ere ez.

Partekatu:
Twitter Facebook