Zorra birfinantzatzea proposatzen du Udalak, baldintza abantailatsuagoak lortzeko barakaldarren interesetarako - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Zorra birfinantzatzea proposatzen du Udalak, baldintza abantailatsuagoak lortzeko barakaldarren interesetarako

Zorra birfinantzatzea proposatzen du Udalak, baldintza abantailatsuagoak lortzeko barakaldarren interesetarako

2021/06/24


Barakaldok historiako zor maila baxuena lortu du azken sei urteetan. 2020ko ekitaldiaren itxieran, Udalaren baliabide arrunten zorpetzea % 4,5ekoa baino ez zen. Gaur arratsaldean, osoko bilkuran, Barakaldoko gobernu taldeak 3,2 milioi euroko zor bizia birfinantzatzea proposatuko du, eta, horri esker, ordaintzeke dagoen zorrari lotutako interesak murriztu ahal izango dira, gure bizilagunen onerako izango delakoan.

"2015ean, aurreko legegintzaldiaren hasieran, Udalak maileguak amortizatzeko urtean ordaintzen zituen interesak kontuan hartu gabe, 3 milioi euro inguru ordaintzen zituen, eta kopuru hori, 6 urtetan, urtean 900.000 euro baino gehixeago murriztea lortu dugu", azaldu du Danel Sola Ogasun Arloko zinegotziak. Arrontegiko arrapala mekanikoak finantzatzeko 2015-2019 legegintzaldian sartutako mailegu bakarra ez da erabili; izan ere, proiektua 2018an finantzatu zen une horretan erabilgarri zegoen diruzaintzako gerakinarekin, eta, ondorioz, zorra 2021ean beste 2,5 milioi euro jaitsi da. Diru-kutxa publikoen finantza-egoera hobetzeko urratsak ematen jarraitzeko asmoz, gobernu-taldeak, Udaleko arlo ekonomikoko teknikarien gomendioei jarraituz, gaur arratsaldean proposatuko du itzuli gabe dauden mailegu horiek interes txikiagoko beste batekin ordeztea, eta horrek urtean 60.000 euro inguru aurreztea ekar dezake.

"Lortzen ditugun finantza-abantaila guztiei esker, gure Udalak kontu onbideratuagoak izango ditu, eta, beraz, gure hiriak aurrera egiten jarraituko du barakaldarren bizi-kalitatea hobetuko duten zerbitzuekin", azaldu du.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook