Urriaren 5ean egingo da Barakaldon Bizipoza festa - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Urriaren 5ean egingo da Barakaldon Bizipoza festa

Urriaren 5ean egingo da Barakaldon Bizipoza festa

2019/09/05


Datorren urriaren 5ean bihurtuko da Barakaldo bizipozaren hiriburu. Bizipoza elkarteak gure hiria aukeratu du izen bera duen jaialdirako. Bigarren aldia du jaiak Bizkaian. Gizartea eta familien ongizatea xede duten hogeita hamar bat elkarte bilduko ditu ospakizunak Barakaldon, eta han erakutsiko dute zertan diharduten, bide batez euskaraz mintzatuz.

San Bizente auzoak eta Alkatu ikastolak, bereziki, jardueraz jositako jardunaldia biziko dute, Bizipoza elkarteko 35 elkarte bertara bilduta. Aurten, horietako bi elkartek ospatzen dute 30. urteurrena: Aspanovas eta Kale Dor Kayikok, hain zuzen ere. “Bizipozaren helburua, boluntarioen eskutik eta euskaraz mintzatuz, gizartean boluntariotza eta bizipoza sustatzea da, eta uste dugu asmo horiek bete-betean datozela bat gure hiriaren nahiekin”, adierazi du Barakaldoko Euskara Arloko Iratxe Focesek.

“Barakaldo beti gailendu da elkartasunaren arloan, beti egon baita laguntzeko eta konpromisoak hartzeko prest. Jaialdi honek geure DNA darama, eta horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Bizipoza elkarteari, oraingoan Barakaldo aukeratzeagatik", adierazi du. “Pozarren gaude, ezerk bereizten baitu izaera barakaldarra jendearekiko konpromisoa baita. Laguntzea atsegin dugu, dibertitzea laket zaigu, eta hori guztia euskaraz egin nahi dugu. Horrexegatik nago Barakaldo osoa eta San Bizente auzoa gogo biziz arituko direla ekimen honetan", azpimarratu du Foces-ek.

Barakaldoko Udalak, BBK Fundazioak eta Barakaldoko hainbat elkartek hartuko dute parte Bizipoza jaialdian, beraz, urriaren 5ean 100 bat boluntario arituko dira jaia antolatzen.

Goizeko 10:00etan hasi, eta 19:00etan amaituko da. Programazioari azken ukituak ematen ari dira, eta, besteak beste, tailerrak eta ikuskizunak izango ditugu. Oraingo hau, Bizkaian ospatuko den bigarren jaialdia izango da. 2016an, Usurbilen ospatu zen; 2017an, berriz, Derion eta 2018, azkenik, Errenterian. Horietan guztietan, 4.000 lagun bildu izan dira elkartasunaren inguruan.

Aurtengo elkarte protagonistak
Bizkaiko neska-mutiko eta nerabe minbizidunen guraso elkartea da Aspanovas. Ongizate publikoa xede duen irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1989an neska-mutiko minbizidunen guraso boluntarioek sortua.

Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Aspanovasek kalitatezko arreta eskaintzeko, eta hainbat alorretako programa eta ekitaldiez osatzen ditu, hala nola, psikologia, pedagogia eta gizarte arloko arretakoak; informazio eta aholkularitzakoak; lekuz aldatu beharra duten familientzako harrera etxeak; neska-mutikoak eskolaratzeko diru eta hezkuntza laguntzak; tailer terapeutikoak ospitaleetan eta aisialdiko jarduerak.

Ijitoek beste bizilagun guztien eskubide eta betebehar berberak izatea da Kale Dor Kayiko ijito elkartearen helburua. Erkidegoaren bizitza eraikitzeko, ikasketak egitea, gizartean parte hartzea eta balioetan heztea ezinbesteko zutabeak direla uste dute.

 

(INFORMAZIO ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook