Barakaldarrek aurten ere izango dute udako oporraldietarako Udal Kirol Erakundeak (UKE) eskainitako kirol eskaintza. Ekainaren 13an zabalduko da “Kirol anitza” izeneko hiriko kirol kolonietan parte hartzeko izen-emate epea. Eguraldi onarekin batera, Gorostitzako estali gabeko igerilekuen denboraldia ere badator, ekainaren 15etik irailaren 15era.
Kirola eta abentura. Horiek dira UKEk 8 urtetik 14ra bitarteko umeei eskaintzen dizkien bi osagaiak uztailean ondo pasatzeko. Barakaldoko Udalak udalekuez gain, umeentzako beste aukera erakargarri bat ere eskainiko die gurasoei, familia eta lan bizitza uztartzen laguntzeko asmoz. Horrela bada, UKEk Gorostitzako kiroldegian egingo diren zenbait kirol jarduera antolatu ditu: tenisa, pilota, herri kirolak, badmintona, uretako jokoak...
“Gainera, kirolaz gain, naturara hainbat irteera ere egingo dituzte monitore profesionalek lagundurik” azaldu du UKEko lehendakari Gorka Zubiaurrek.
Ekimena goizez egingo da 10:00etatik 13:00etara eta uztailaren 3tik 28ra bitartean, uztailaren 17an eta 25ean izan ezik, gure hirian jaiegunak baitira. Jardunaldi horien berezitasuna hizkuntza eredua da, bigarren urtez euskara hutsean, euskaraz eta gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen baitira. “Jarduerak ingelesez egin ahal izatea oso aukera ona da ikasgeletan ikasitakoa praktikan jartzeko eta finkatzeko” zehaztu du Zubiaurrek.
Ekimenean parte hartzeko izen-emate epea ekainaren 13an zabalduko da UKEko abonatuentzat, eta ekainaren 14an, Barakaldoko kirol familiako guztientzat. Hiru talde egingo dira, hizkuntza-ereduaren arabera, eta prezioari dagokionez, 67,80 euro ordaindu beharko dute abonatuek, eta 98 euro beste guztiek.
Izena emateko, Gorostitzako kiroldegira joan behar da aipatutako egunetan 8:15etik 20:00etara.
IGERIKETA ETA TENISA
Uda oso denboraldi ona da kirol gaitasun berriak lortzeko. Beraz, UKEk igeriketa eta tenis ikastaroak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan.
Lasesarreko estali gabeko igerilekuetan adin guztietakoentzako ikastaroak egingo dira uztailaren 3tik 28ra eta abuztuaren 1etik 30era, bai goizez, bai arratsaldez, abuztuan izan ezik, goizez baino ez baitira egingo. Hasiera, hobekuntza eta familiarizazio ikastaroak eskainiko dira helduentzat. 207 plaza eskainiko dira guztira.
Ekainaren 13an zabalduko da izen-emate epea UKEko abonatuentzat, eta ekainaren 14an, ez abonatuentzat. 8:15etik 20:00etara aurkez daitezke eskabideak Lasesarreko kiroldegian. 38,05 euro ordaindu beharko dute abonatuek, eta 59,50 euro, ez abonatuek.
Tenis ikastaroak berriz, ekainean egingo dira Gorostitzako kiroldegian. 7 urtetik 16ra bitarteko umeentzako jarduera izango da. Ikasleek tenis ikastaroan hasiera maila eta hobekuntza maila egin dezakete. Modalitate bakoitzean 12 plaza eskainiko dira gehienez. 59 euro ordaindu beharko dute UKEko abonatuek, eta 80,40 euro ez abonatuek. Izen-emate epea ekainaren 13an hasiko da –ekainaren 14an ez abonatuentzat- Gorostitzako kiroldegian.
IGERILUETAN ERE UDAKO DENBORALDIA
Uda heltzear daukagunez, Gorostitzako kanpoko igerilekuak prestatzen ari dira ekainaren 15ean zabaltzeko. Aurreko urteetan bezala, aurten ere irailaren 15era arte luzatuko da denboraldia eta kanpoko eta estalitako igerilekuak erabiliko dira.
Gorostitzako kiroldegiko kanpoko igerilekuak 10:30etik 20:45era bitartean zabalduko dira astelehenetik igandera, jaiegunak barne. Gainera, gobernura heldu zenean, Amaia del Campo alkateak hartutako erabakiari jarraituz, igerileku estaliak astelehenetik larunbatera zabalduko dira 8:15etik 20:45era, eta igandeetan, 8:15etik 14:00etara. “Abuztuaren 1etik 15era, zerbitzuak etenalditxo bat izango du instalazioen ohiko garbiketa eta mantentze lanak egiteko.
Lasesarre kiroldegiko barruko igerilekuak berriz, 7:15etik 22:00etara egongo dira zabalik astelehenetik ostiralera; 8:15etik 22:00etara larunbatetan, eta 8:15etik 21:00etara igandeetan.
Partekatu: