Udalak prebentzio programak ekarri ditu anbulatoriora Osakidetzaren laguntzaz - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Udalak prebentzio programak ekarri ditu anbulatoriora Osakidetzaren laguntzaz

Udalak prebentzio programak ekarri ditu anbulatoriora Osakidetzaren laguntzaz

2017/01/10


Udalak –Osakidetzaren laguntzaz- datorren astean abiaraziko duen programa pilotu eta aitzindariak udaleko prebentzio programak ekarriko ditu anbulatoriora. Erakunde bien sareko lankidetzak xede du ahalik eta familia gehiengana iristea eta inplikatzea, bai eta nerabeen gaitasunak, jokabideak, baloreak eta bizitza estiloak indartzen laguntzeko sostengua ematea ere, seme-alabak etorkizunean delituzko jokabideetatik babesturik egon daitezen.

Proba piloturako Arrontegiko anbulatoriora “Kontaktua” ekimeneko tailerrak ekartzea erabaki da. Barakaldoko Udaleko Droga-mendekotasunen Prebentziorako Zerbitzuak eskaintzen duen formakuntza-proposamen bat da `Kontaktua´, 12 urtetik 16ra arteko seme-alabak dituzten udalerriko familiei zuzendua. “Hilabeteak daramatzagu Osakidetzarekin batera lanean zerbitzua hurbilagoa izan dadin eta modu eraginkorragoan jarduteko arreta zabalagoa izan dezan” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

“Sare laneko etorkizuneko jarduketetarako esku-hartze eraginkorren ereduak sustatzeko sinergiak sortzea da asmoa, bai eta dauden baliabideak optimizatzea ere" azpimarratu du.
Programak hiru tailer izango ditu eta hamaika saiotan burutuko dira. Lehenengoa hilaren 19an abiaraziko da eta `Nerabezaroa eta drogen erabilera: alkohola, tabakoa, kanabisa...´ gaia landuko da. Aipatu tailerra urtarrilaren 26an eta otsailaren 2an ere egingo da. Tailer horren bidez, drogen kontsumoaren inguruan kezkagarriak diren beste gai batzuk ere aztertzen lagunduko diegu nerabeen gurasoei.

Hurrengo tailerra otsailaren 15ean eta 22an eta martxoaren 1ean garatuko da. `Hezteko modu desberdinak... Nola lortu hurbiltasuna eta konfiantza?´. Tailer hau baliagarria izango da hezteko erabiltzen diren moduen indarguneei eta ahuleziei buruzko gogoeta egiteko, bai eta familia osatzen duten kide guztiengan duten ondorioak aztertzeko ere.
Hirugarren tailerra `Miatu eta entzun; elkar komunikatu eta ez eten kontaktua... eta, batez ere, gatazkek dirauten bitartean´ izenekoa da eta maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean eta ekainaren 1ean burutuko da. Azken tailer hau batez ere praktikoa da, eta nerabeekiko komunikaziorako beharrezkoak eta eraginkorrak diren bi trebetasunei buruzko praktika bultzatuko da, hala nola ikerketa eta entzuketa.

ARRONTEGIN AITZINDARIA
Arrontegiko anbulatorioko aretoetako batean egingo dira saioak 17:30etik 19:30era. Arrontegi aukeratu dugu Osakidetzarekin izango dugu lehenengo harreman honetarako, auzoaren kulturarteko elkarbizitza eta gizarte kohesioa bultzatzeko ‘Somos Arrontegi Gara’ programan murgilduta dagoelako auzoa. “Mendialde auzo elkartea eta Udala batera garatzen ari diren lana ezin hobea da programa pilotu hau txertatzeko, bete-betean baitator bat Somos Arrontegi Gara egitasmoaren filosofiarekin" adierazi du Canterok.
Aitzindaria da Barakaldo ahalik eta jende gehien udal zerbitzu honetara ekartzen ahalegintzen den programa hau gauzatzen. “Orain arte, hezkuntza zentroetan eman izan dugu tailerrei buruzko informazioa, baina, hemendik aurreara, anbulatorioan garatuz, bertara datozenengana ere helduko gara" azaldu du zinegotziak.
Programan inplikatuta dauden zerbitzuek ebaluatuko dute programa berri honek barakaldarrengan izan duen oihartzuna, “eta emaitzak positiboak badira, lan dinamika hori beste auzo eta proiektu batzuetara nola eraman aztertuko dugu" esanez bukatu du Canterok.

Partekatu:
Twitter Facebook