Udala GOe Tech Center Basque Culinary Centerreko zentro teknologikoarekin batera ari da lanean Barakaldoko profil gastronomikoa bilatzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Udala GOe Tech Center Basque Culinary Centerreko zentro teknologikoarekin batera ari da lanean Barakaldoko profil gastronomikoa bilatzeko

Udala GOe Tech Center Basque Culinary Centerreko zentro teknologikoarekin batera ari da lanean Barakaldoko profil gastronomikoa bilatzeko

2025/07/11


Barakaldo hasi da bere profil gastronomikoaren bila; turismo mailan definituko duen eta bisitarientzat erakargarri bihurtuko den platera. Eta bilaketa horretan GOe Tech Centerren eskutik ibiliko da, Basque Culinary Centerreko zentro teknologiko gastronomikoaren eskutik, gastronomiaren eta elikaduraren prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta sustapena helburu dituen gastronomia-akademia ospetsuaren eskutik. Udalak GOe Tehc Center kontratatu du hiriaren diagnostiko gastronomikoa egiteko eta, horrela, Barakaldo marka bultzatzeko, turismo gastronomikoaren mailan ere.

Basque Culinary Centerrekin egindako lana hasi da. Lehenik eta behin, proiektuaren memoria teknikoa egingo dute, eta uneoro koordinatuko dira udal-ordezkariekin, proiektua behar bezala garatzen dela ziurtatzeko. Gainera, Barakaldoko aktibo gastronomikoen analisia egingo da eta hiriko ekosistema gastronomikoko eragileei bisitak egingo zaizkie, aurreko analisian bildutako informazioa kontrastatzeko eta osatzeko.

Bestalde, tailer parte-hartzaile bat egingo da gastronomiarekin eta turismoarekin lotutako profesionalekin, identifikatutako aktiboak baliozkotzeko, aukerak eta erronkak detektatzeko. Halaber, hirian interesgarriak diren joera gastronomikoak identifikatuko dira, eta lankidetza-lan horrekin guztiarekin Barakaldoko diagnostiko gastronomiko bat egingo da, hiriaren eskaintza gastronomikoaren profila eta tipologia adieraziz.

Profil gastronomiko hori lantzea da Barakaldoko Turismo Mahaian planteatutako helburuetako bat. Mahai horretan, Euskadiko turismoarekin zerikusia duten eragileekin batera lan egiten du Udalak: Bizkaiko Foru Aldundia, Basque Tour, BEC, hiriko merkataritza- eta kirol-elkarteak... "Ilusio handiz hasi genuen proiektua da, eta uste dugu, gainera, gure herrialdeko erreferente gastronomiko baten eskutik egiten dugula; beraz, emaitzak ikusten hasteko gogo handia dugu", adierazi du Gorka Zubiaurre Udaleko Turismo zinegotziak.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook