Hileta zibilak egin nahi dituztenek udal instalazioetan egiteko aukera gauzatzeko behar diren tramiteak burutzeko zorian da Barakaldoko Udala. EH Bilduren ekimen baten bitartez sortu zen proposamena, eta joan den ostiralean aurkeztu zitzaien oposizioko alderdiei, Alkatetzaren Bartzordean.
Burutu berri du gobernu taldeak agur zibilak egiteko udal espazioen erabilera arautzeko ordenantza. Aurretik, kontsulta egin zitzaien Bilbo eta Santurtziko Udalei, eginak baitituzte biek arlo horretako araudiak. “Erlijiozko hileten ordezko aukera eskaini nahi izan diegu herritarrei, eta udal ekipamenduak erabiltzea pentsatu dugu. Araudi argi eta soila idatzi nahi izan dugu, maite dugun norbait galtzen dugunean igaro beharreko momentu latzetan familiek ahalik eta tramiterik gutxien egin behar izateko” azaldu du Gorka Zubiaurre Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotziak.
Hainbat leku ari dira aztertzen udal teknikariak, hileta zibilak bertan egiterik dagoen jakiteko. Aukera bat udal hilerria bera izan daiteke, bai eta Gizarte Integraziorako Zentroa, Lasesarreko Kiroldegia eta Clara Campoamor eta Gurutzeta zentro zibilak ere.
Araudiaren zirriborrora bildutako arauen artean dira honako hauek: ez da agurra egiterik izango zerraldoa bertan dela; Udalak behar den guztia (altzariak, soinu eta ikus-entzunezko materiala eta abar) jarriko du egintza guztietan; antolatzaileek apaintzeko erabilitako elementu guztiak erretiratu beharko dituzte, egintza bukatutakoan.
Hileta zibilak egiteko erabiltzen bada, dagokion prezio publikoa izango du, dena den, teknikariek oraindik ez dute proposamena zehaztu.
Hamabost eguneko epea, ekainaren 5era arte, alegia, dute udal taldeek ekarpenak egin eta osatzeko, beharrezko irudituz gero. Ekarpenak - halakorik izan bada - aztertu eta eztabaidatu ondoren, Udalbatzari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan.
Partekatu: