Senideen artean euskararen erabilera bultzatuko du Barakaldok, euskara ez dakiten gurasoentzako tailerrak antolatuz - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Senideen artean euskararen erabilera bultzatuko du Barakaldok, euskara ez dakiten gurasoentzako tailerrak antolatuz

Senideen artean euskararen erabilera bultzatuko du Barakaldok, euskara ez dakiten gurasoentzako tailerrak antolatuz

2016/01/26


Denok Euskaraz slogana duen euskarazko familia tailerren programa zabaldu egin du Barakaldoko Udalak. Senitartekoen artean euskara erabiltzea da ekimenaren helburua; horregatik, eta udalerriaren egoera soziolinguistikoa ezagututa, kultur etxeetan euskarazko ohiko familia-jolasez gainera, tresnak eskainiko dizkie euskararik ez dakiten edo erabiltzera ausartzen ez diren guraso barakaldarrei.

‘Denok Euskaraz, ¡Tu también! 12 saio egingo dira otsailetik maiatzera bitartean, zapatu goizetan, hala Clara Campoamor Kultur Etxean nola Gurutzetakoan. Tailerraren lehenengo zatian, umeak jolasean arituko dira euskaraz; eta, gurasoak, bitartean, aparteko leku batean, oinarrizko kontzeptuak ikasi edo gogoratuko dituzte. Tailerraren bigarren zatian, txiki eta nagusiak batera arituko dira kantatzen edo jolasean, baina betiere euskaraz.

Jarduera doan da, eta taldea, gehienez, 15 heldu eta 3tik 7 urtera bitarteko 15 umez osatuko da, eta gutxienez, 7 heldu eta 7 umez. Otsailaren 1etik 11ra egingo da matrikulazioa, 944 789 241 zenbakira hots eginez, edo euskara@barakaldo.org helbidera mezua bidaliz.

JAIOBERRIEN GURASOENTZAKO GIDA EUSKARAZ

Bestalde, abian jarri du berriz ere Udalak 2015 eta 2016ko urteetan jaiotako gurasoak sentikortzeko kanpaina. Gidaren barruan, oinarrizko kontzeptuen hiztegi erabilgarri bat agertzen da, senideen deiturak, koloreak, zenbakiak, janariak, gorputz atalak eta abar biltzen dituena: umetxoaren lehenengo urteetan gehien erabiltzen diren kontzeptuak, hain zuzen ere.
Iaz eta aurtengo lehenengo hiletan umea izan duten 900 bat barakaldarri bidaliko die gida Udalak. Otsailaren erdi aldetik aurrera emango zaie eskura gurasoei gida, jaioberriak erroldatzera etortzean.
Gidarekin batera askaritarako poltsa bat emango zaie; poltsan grabaturik ageri dira Denok Euskaraz programaren izena, Barakaldoko K eta bi umetxoren irudia.

FAMILIA TAILERRAK, OSTIRALETIK AURRERA (HILAK 29)

Hilaren 29an, ostiralarekin, emango die hasiera familia tailerrei “Mr. Potato euskalduna” eskulan tailerrak, Clara Campoar zentroan. 17:30etik 19:00etara. Astean zehar eman behar da izena; urtarrilaren 28a izango da horretarako azken eguna.

Hurrengo hitzordua, otsailaren 12an, Clara Campoamor zentroan: “Inauteri festa”. Hilaren 26an, Euskaraokea. Martxoan, hilaren 11n, “Krep gazi-gozoak” Gurutzetan. Apirilaren 8an, euskal mitologiari buruzko "Antzerki tailerra",Gurutzetan; 22an, Clara Campoamor zentroan, ipuin eta eskulan tailerra: “Liburu magikoa, ipuinak”. Maiatzean izango dira azkenak: "Fruta zukuak eta dominoa", Clara Campoamor zentroan, hilaren 13an, eta “Euskal dantzak”, Gurutzetakoan, hilaren 27an.

Tailer hauek euskara hutsean egingo dira, eta batera arituko dira txikiak eta helduak. Taldea osatzeko 6 ume behar dira, gutxienez, eta 20, gehienez, bai eta haien gurasoak ere. 4 urtetik 8ra bitarteko umeentzako tailerrak dira.

 

Partekatu:
Twitter Facebook