Gizakiaren historian, etengabea izan da denboran bidaiatzeko nahikaria, beste garai batzuetako gizon eta emakumeak nola bizi ziren ezagutzekoa, haien jarduera eta erritualen berri izatekoa. Horrelako bidaien helmuga nagusietako bat Erromatar Inperioa izan da, garai liluragarria hura, hainbat eleberri, film eta telebista-saioren iradokizun iturri. Alde batetik, txunditu egiten gaituzte inperioko bizimoduaren handitasunak eta oparotasunak. Bestetik, berriz, zirrara eragiten digute erromatarren bizitza gure errealitatetik hain gertu jartzen duten xehetasun txikiek. Literatur deskribapenak eta duela 2.000 urteko arkeologia-lekukotasunak baliatuz birsortutako hiri batean barrena paseatzera gonbidatzen du bisitaria ”la Caixa”ren Gizarte Ekintzak Barakaldoko Udalarekin batera antolatu duen erakusketa honek, eta erromatarrak gugandik hain urrun ez zeudela erakusten du. Romanorum Vita hau historiaren zabalkunderako beste era bateko erakusketa da, edonork ere ikusteko modukoa. Kristo ondoko 79. urtean Ponpeia suntsitu baino lehentxoagoko erromatar hiri batera eramaten ditu bisitariak, inperioaren garaira, bete-betean; bertako kaleetara, egun arrunt batean, eta negozioak, uraren garrantzia, usainak, adierazpideak, erlijioa eta beste erakusten, hots, leku arranditsuez —senatua, foroa, antzokiak eta zirkoa— kanpoko beste mundu hori.
”la Caixa”ren Gizarte Ekintzak antolatu eta ekoitzia da erakusketa, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko arkeologia-katedradun Isabel Rodá da komisarioa. Barakaldoko Herriko plazan ikusi ahal izango da Romanorum Vita, 2018ko apirilaren 17tik maiatzaren 17era bitartean.
Barakaldo, 2018ko apirilaren 17a.- Gasteizko Udaleko Kultura, Gazteria eta Berdintasuneko zinegotzi Iñaki Garcíak, ”la Caixa”ren Arabako negozio-arloko zuzendari Javier Gordejuelak eta erakusketaran komisario Isabel Rodák inauguratu dute gaur Romanorum Vita erakusketa. Erromaren historia bat.
Historiaren zabalkundea xede duen erakusketa aurkeztu dute ”la Caixa”ren Gizarte Ekintzak eta Gasteizko Udalak, erromatar hirietan nola bizi ziren erakutsi nahi duena, orain arte inoiz ez bezala. Erakusketa ibiltaria da, ikusleei begiratzera, usain egitera, entzutera gonbit egiten diena; ordu batzuk erromatarrek egin ohi zuten moduan bizitzera, azken finean. Horretarako, Erromako Inperioaren garaiko hiri baten zati bat birsortu da, Kristo ondoko I. mendekoa. Birsorkuntza hori egiteko, literaturak eta duela 2.000 urteko arkeologia-lekukotasunek eskaintzen dituzten deskribapenak baliatu dituzte komisarioek, hiria osatzen zuten espazioetako batzuk tamaina errealean erreproduzitzeko.
Aspaldiko urteetan, arreta berezia eskaintzen diote arkeologo eta historialariek antzinako herrietako eguneroko bizimodua berreraikitzeari. Arkeologia aztarnek eta literatur testuek aukera ematen digute zehaztasun handiz jakiteko nola antolatzen ziren hiriak, eta nolakoak ziren bertan bizi zirenak. Baina, baita ongien kontserbatutako erromatar hirien kasuan ere, hala nola Ponpeian, zail egiten da bertako kaleetako jarduera irudikatzea: negozioak, usainak, adierazpideak, erlijioa eta beste, hots, leku arranditsuez —senatua, foroa, antzokiak eta zirkoa— kanpoko beste mundu hori.
Erromatar Inperioaren baitan, lehorreko nahiz itsasoko bideek lotzen dituzten hainbat hiri biltzen da. Eta botere zentral bat: Erroma. Hiri bakoitzak lurralde bat izan ohi zuen bere mende, eta, aldi berean, merkatua, administrazio-gunea eta erlijio-bilgunea izan ohi zen. Ongi zolatutako kaleak izan ohi zituzten, lauki formak taxutzen zituztenak, eta estolderia eta ur korrontea. Gaur egungo hiriak bezala, erromatar hiriek ere jasan behar izaten zituzten demografiaren presioak, eta lurzoru-espekulazioak, erakusketan ikus daitekeenez.
Romanorum Vita erakusketan, bisitariek ikusi ahal izango dute eskulangile eta merkatariek era guztietako jarduerak burutzen zituztela kaleetan, eta jendez beteta egon ohi zirela horiek. Erromatar hiri bateko edozein kaletatik paseatuz, edo foroaren aurretik, komunak nolakoak ziren eta nolako usaina botatzen zuten jakin ahal izango dute ikusleek. Edo nolakoak ziren dendak, eta egungo janari azkarreko lokalen aitzindaritzat jo litezkeenak ere bazeudela bertan.
Hainbat elementuren erabilera berritzailea egin da erakusketan —garaiko zarata eta usainak, eszenografia-espazioarekiko interakzioa eta ikus-entzunezko handi bat—, ikusleek hirian murgiltzerik izan dezaten, eta egungo bizimoduarekiko parekotasunez jabetzerik. Ikus-entzunezko horietako bat domusaren 12 metroko fatxadan proiektatzen da, eta bertan erromatar hiriko pertsonaia nagusiak ikus daitezke, 30 figurante baino gehiagorekin egindako filmazioari esker.
Erromatar Inperioko hirien arketipoa ageri da erakusketaren 400 metro koadroetan; hiriko egun arrunt bat erakusten da, hogeita lau ordu, kaleetako bizitza nolakoa zen ikusterik izan dadin, baita familia baten etxe barruko bizimodua ere.
”la Caixa”ren Gizarte Ekintzak, erakusketa ikusle mota ororengana helarazteko asmoz, irisgarritasun-baliabide berritzaileak prestatu ditu ikusmen urrikoentzat, hala nola autodeskripzio bat eta braille lengoaia baliatuz egindako gida.
Erromatarrak, gugandik oso gertu
Erromatar hirien eta gaur egungo hirien arteko parekotasunak ezartzea da erakusketa honen beste helburu bat. Erromatar hirian, esate baterako, jarduerak ez zuen etenik, bereziki Julio Zesarren ediktu batek, istripuak ekidite aldera, egunez gurdi eta animaliekin zirkulatzea debekatu zuenez geroztik. Hartara, egunez kaleak seguruagoak ziren, baina gauez zarata nabarmen handitzen zen. Ez zen erraza lo egitea, erromatar hiri batean.
Orobat azaltzen da erakusketan nola ezartzen ziren maila desberdinetako herritarren arteko giza harremanak. Erromatar hirietan aberats eta pobreak nahasian bizi ziren. Hiri gainpopulatuaren ezerosotasunak denek jasaten zituzten: zaratak, usainak, eta eskulangile eta dendariek espaloiak okupatzea.
Bizitza publikoko beste elementu batzuk ere azaltzen ditu erakusketak, hala nola politika eta erlijioa. Izan ere, elkarbizitza lekuak ziren kaleak, eta erlijio guneak. Izkinetan baziren aldare txiki batzuk, auzoa eta auzotarrak babesten zituzten dibinitatei eskainiak. Hauteskundeak hurbiltzen zirenean, publizitate enpresek hautagaien berri ematen zuten: izenak margotzen zituzten hormetan, haiek dohainak aireratzen, eta jendea kontratatzen zuten herritarrei botoa eskatzeko.
Azkenik, Romanorum Vita erakusketaren bisitariek erromatar familia baten ohiko etxe batean sartu ahal izango dute, hainbat gelatan barrena ibili eta etxearen banaketa ezagutu, erabiltzen zituzten apaingarriak, hormak zein kolorez margotzen zituzten, eta beste.
Romanorum Vita sarean, erakusketa bat baino askoz gehiago
Erakusketa aretotik kanpo ere berritzailea da Romanorum Vita, sareak eskaintzen dituen aukerak baliatzen baititu. Izan ere, erakusketarekin batera eta haren osagarri, presentzia izango du sarean, bisitariei esperientzia birtual aberasgarria eskainiko diena.
Bisitaldi birtualaren bitartez erakusketa ezagutzeko aukera ematen du sareko proiektuak —www.romanorumvita.com eta www.laCaixa.es/ObraSocial—. Romanorum Vita erakusketak sarean presentzia izan dezan berariaz sortutako hainbat elementu dira, hala nola eguneroko egoerak deskribatzen dituzten audioak, edo erakusketaren oinarri izan diren obra historikoen deskribapena. Bada katalogo digital bat ere, eta erakusketa nola egin den erakusten da, antzezleekin egindako filmaketak erakusten dituzten bideoekin, besteak beste.
Bestalde, hainbat eduki didaktiko sortu dira, erakusketaren zabaldunde-izaera areagotze aldera. Blog bat jarri da abian, nornahiri zuzendua, baina, bereziki, ikasleei eta familiei, non hainbat gomendio ematen diren, bisita egin aurretik nahiz ondoren baliatzekoak. Erakusketa hiri batetik bestera igaro ahala, eguneratzen doa blog hori. Sare sozialek eskaintzen dituzten aukerateko batzuk ere baliatzen dira, edukiak dinamizatzeko eta erakusketari zabalkundea emateko, bereziki gazteen artean.
Partekatu: