Produktu uxatzaile batez bustiko ditu Barakaldok kaleak, jaietan txiza egiten dutenak zipriztintzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Produktu uxatzaile batez bustiko ditu Barakaldok kaleak, jaietan txiza egiten dutenak zipriztintzeko

Produktu uxatzaile batez bustiko ditu Barakaldok kaleak, jaietan txiza egiten dutenak zipriztintzeko

2017/06/08


Aurtengo Barakaldoko Karmengo jaietako nobedadeak garbiketaren eremura ere iritsiko dira. Udal Jai Batzordeak hartutako erabakiari men eginez, txiza uxatzen duen produktu batez bustiko ditu hiriko kale guztiak Udalak. Horrela, zikinkeria eta usainak saihesteko asmoa du; batez ere, txosnen eta kontzertu-guneko inguruetan.

Funtzionamendua soil-soila da. Egundoko sorpresa hartuko dute kalean txiza egiten dutenek, horretan dihardutenean praka eta zapatak zipriztinduko baitizkie beren isuriak, errebotatu ondoren. “Txosna Batzordeak proposatu zuen ekimena bideratzea, eta Udal Jai Batzordearen babesa jaso zuen” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-menpekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok. “Jaietan, herritarrei eta, batez ere, txosnen esparrutik eta Herriko Plazatik hurbil bizi direnei eragin dakizkiekeen enbarazuak murriztea da helburua” azpimarratu du.


Kale hauetan botako dute produktua: Aldapan, Donibanen, Batzar Nagusietan, Foruen pasealekuan, Bondaden, Enkarterrietan, Francisco Gómezen, Batzar Nagusietan (Anaien parkeko atzealdean), San Balendin Berriotxokoan, Juan de Garayn, Ahorron eta udaletxeko aldamenetan, Hizkuntza Eskola Ofizialean eta Gizarte Integraziorako Zentroan.
Erabili dute, dagoeneko, neurria Iruñean, San Fermin jaietan, bai eta Vitoria-Gasteizen, Hernanin eta Santanderren ere. Hormetan - lurretik metro batera, gutxi gorabehera – eta lurrean bertan botako dute produktua. “Jendearen txizak eragiten duen kiratsa nabarmen apaltzea da sistemaren abantailetako bat" esan du Canterok. Txiza azaleran barneratzea eragozten duenez produktuak, usaina aldendu egiten da.


Kaleak garbi egon daitezen, ekinean etengabe aritzen diren garbiketa zerbitzuen egitekoa ere erraztuko da, produktua ematen den lekuak garbiago iraungo baitute. "Produktua merkaturatzen duen enpresak ziurtatu digunez, hamar urte ere iraun dezake haren eraginak” ziurtatu du zinegotziak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook