BTT bizikletak hiriko protagonista izango dira berriro asteburu honetan. Barakaldoko Udalak, Biker Kolektiboak, Bibe mugimenduak eta Barakaldoko Aire Norte enpresak berriro jarri dute martxan Altzairuzko birika izeneko lasterketa; BTT proba oso gogorra da Barakaldoren landa-pasaia kontuan hartuta, baina dagoeneko 500 parte-hartzaile inguruk eman dute izena.
“Orain arte izena eman dutenen datuak ikusita, aurten 10 probintzia desberdinetako kirolariak izango ditugu: Araba, Gipuzkoa, Kantabria, Valladolid, Burgos, Palentzia, Salamanca, Valentzia, Nafarroa eta Bizkaia” zehaztu du Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotzi eta Udal Kirol Erakundeko (UKE) lehendakari Gorka Zubiaurrek, Aire Norte enpresako Rubén Sanzekin eta Haszten elkarteko Inaxio Galarragarekin batera.
Lasterketak gauza berri bi ditu, bata, kategoria desberdinetan banatuta egingo den Eretza mendira kronoeskalada, eta bestea, helmugaren kokaleku berria, aurten Lasesarre kiroldegian jarri baita. Iaz bezala, aurten ere probak ibilbide bi ditu, luzea, 50 kilometrokoa, eta laburra, 36 kilometrokoa.
IBILBIDEAK
Lehenengo ibilbidea egingarria da prestakuntza ertain-handia duen afizionatu batentzat. Guztira, 1.500 metroko desnibela du. Lasterketa goizeko 9:00etan hasiko da Barakaldoko Herriko Plazan, ondoren, Retuerto eta Gurutzeta auzoak zeharkatu, eta Agate Deunarako bidea hartuko du. Agate Deunara heldu baino lehen, basoko pista baten sartu, eta Eretzako suebakira helduko dira lasterketari guztiak, Haitz Zuriak, Sasiburu eta Apuko ingurune ikusgarriak zeharkatu ondoren. Eretza mendira kronoeskalada egingo duen mendiko sektore lehiakorra Altzairuzko Birika izeneko lasterketan integraturik dago. Ibilbidearen gehienezko kotara heldutakoan (Eretzako suebakia), jaitsierari ekingo diote, Gorostitzako kiroldegia zeharkatuz.
“Probaren maila teknikoak zailtasun handiko kategoria du bide-tarte desberdinak tartekatzen direlako ibilbidean zehar: pista zabalak beroketa hasteko; bidexka estuak kontzentrazio maila probatzeko bizikleta gainean; jaitsiera adrenalitikoak pultsazioak igotzeko... Barakaldoren alderdirik basatiena sentitzeko all-mountain lurraldea da” azaldu du Sanzek.
Ibilbide laburra egingarria da prestakuntza ertaina duen afizionatu batentzat. Zirkuituak 36 kilometro inguru ditu eta 1.120 metroko desnibela du guztira.
Probaren maila teknikoak zailtasun ertaineko kategoria du, "baina horrek ez du esan nahi ibilbide erraza denik" azpimarratu du.
Altzairuzko birika izeneko lasterketa oso berezia da, mendiak eta turismo aktiboa lotzen dituelako. “Ezin dugu ahaztu Barakaldoko azaleraren % 65etik gora landa-eremua dela” adierazi du Zubiaurrek, “eta ekimen honi esker, gure ingurunea ezagutarazi ez ezik, gure hiria horrelako probak egiteko erreferente ere bilakatuko dugu”. “Udalak eskerrak eman nahi dizkie udalerriko klubei eta kolektiboei txirrindularitza arloan egiten duten lanagatik. Guztien artean, 110 lagun inguru daude inplikatuta lasterketan” azaldu du zinegotziak.
Antolaketan, honako erakundeek eta taldeek hartu dute parte: Barakaldoko Elkarte Ziklista, Bikop, Tiki-Taka, Akerrak MTB, Barakaldoko Volcán Klub Ziklista, Trialsin Group Kluba eta Aire Norte Kluba, gainera, Desertu-Berria eta Gurutzetako auzo elkarteen laguntza ere izan da.
KIROL JARDUERAK ASTEBURUAN
Barakaldoko Udalak, udalerriko Biker Kolektiboak eta Aire Norte enpresak sustatzen duten proba honen bidez, bizikleta modu seguruan eta arduratsuan erabiltzea sustatu nahi dute. Horrela bada, larunbatean, urriak 21, etxeko txikien eguna izango da, programazioko `Taupadak gurpil gainean´ ekimena izango dugu Herriko Plazan; bertan, bide-hezkuntzako zirkuitua eta karpa didaktikoa egongo dira. Haurrentzako gynkhana ere egingo da.
Bestalde, bai ostiralean, bai larunbatean Hasten Kirol Egokitua elkarteak kirol egokitua ezagutzera emateko programazioa prestatu du. Ostiralean, 17:00etatik 19:00etara, areto futbol inklusiboa egongo da. 19:00etatik 20:30era, Zumba ikasteko saio batean hartzeko aukera egongo da, eta 21:30etik 23:00etara, Lorelei Green taldearen kontzertua.
Larunbatean, urriak 21, Herriko Plazara hurbiltzen direnek Hockeya (gurpil-aulkia) eta saskibaloi inklusiboa ezagutzeko bide izango dute goiz osoan. 13:30etik 15:00etara, dantza inklusiboen agerraldia egongo da, eta arratsaldean, kirol anitzak, sentsibilizazio tailerrak eta kontzertu bi (The mosh Toes eta The Binilos). “Eskaintza zabal honen bidez, kirol inklusiboa zabaldu nahi dugu, bai eta hiriko biztanleei hurbildu ere” azaldu du Galarragak.
Partekatu: