Pop musikak eta kulturak lurraldea hartuko dute MTV Music Week Bizkaia astean zehar - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Pop musikak eta kulturak lurraldea hartuko dute MTV Music Week Bizkaia astean zehar

Pop musikak eta kulturak lurraldea hartuko dute MTV Music Week Bizkaia astean zehar

2018/09/18


MTVk gaur baieztatu duenaren arabera, Music Week astea azaroaren 4an Bilbao Exhibition Centren (BEC) ospatuko diren EMA 2018 sarien aurreko astean iritsiko da Bizkaira eta pop musika eta kultura ospatuko dituzten doako ekitaldiak antolatuko dira bertan. Urriaren 29tik, astelehena, azaroaren 3ra arte, larunbata, Barakaldo, Durango, Getxo eta Bilboko eszenatokietatik 20 artista baino gehiago pasako dira, besteak beste, La Pegatina, Mala Rodríguez, Wolf Alice, Los Planetas edo Lori Meyers. Bestalde, gazteei beren ametsetako lanera hurbiltzen laguntzeko xedea duten ekitaldiak egingo dira. San Mames estadioan egingo den kontzertu jendetsuak amaiera emango dio lurraldeko biztanleentzako bakarrik pentsatu den asteari.


Pop kultura eta MTVren fanen artista gustukoenak, lurraldean burutuko diren ekitaldiekin gozatu ahal izango dute. Horrela, Bizkaia, mundu mailako musika-panoramako erdigune bihurtuko da. Ekimenari amaiera emateko, harrera egingo diogu MTV EMA sarien 25. urteurrenari. Sari horietan, urteko musika-arrakastak sarituko dituzten eta munduko artistarik garrantzitsuenen emanaldiak eskainiko dituzten 2018ko MTV EMA sarien ekitaldia egingo da azaroaren 4an Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan eta zuzenean ikusi ahal izango dira MTVren kanalen eta plataforma digitalen bidez.


MTV Music Week Bizkaia ekitaldirako, MTVk bere fanak bezain anitzak izango diren ekintzak eskainiko ditu. Jai-mestizajea (Barakaldo) La Pegatina, Muchachito, Revolta Permanent eta Iseo & Dodosound taldeekin; hirikoa eta femeninoa (Durangon) Mala Rodríguez, Nathy Peluso, Brisa Fenoy eta Aneguria artistekin; Indie Rocka (Getxo) Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeekin edo Lori Meyers (Bilbo); eta akustikoa (Bilbo) Los Planetas taldearekin. Aipaturiko horiek izango dira kontzertuetara bertaratuko diren ikusleek dohainik gozatu ahal izango dituzten estiloak.

Azaroaren 2an, ostirala, MTV Breaks ekitaldia iritsiko da Azkuna Zentrora. Bertan, momentuko pertsona ospetsuen aholkurik onenekin eta workshop interaktiboen edo sektorean adituak direnekin antolaturiko eztabaiden bidez, gazteei sorkuntza-industriaren munduan profesionalki garatzeko ametsa betetzen lagundu nahi zaie. Urtero, MTV Breaks ekitaldia MTV EMA sarietara batzen da Europako hiri berri batean barneratzeko. Bertako gazteen sorkuntza-ibilbide profesionaletarako aukera bakarrak eskaintzea da ekimenaren xedea.


Eta musika protagonista izan duen astea ahalik eta hobekien ixteko, azaroaren 3an, larunbata, San Mames estadioa hiru orduko zuzeneko musika saioetarako eszenatoki ezin hobea izango da eta nazioarteko zein nazio mailako artistak izango dira bertan. Aurrerago ezagutuko ditugu azken horien inguruko xehetasun gehiago.
MTV Music Week Bizkaia ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Unai Rementeria ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Imanol Landa Getxoko alkatea, Manuel Gil Viacom International Media Networks Spain erakundeko zuzendari nagusia eta konpainia honetako Laura Abril zuzendaria.
Honelako ekitaldiak “herri administrazioen arteko talde-lanaren eta publiko eta pribatuaren artekoaren lankidetzaren” emaitza direla nabarmendu du ahaldun nagusiak. Rementeriak MTV Music Week Bilbora, ezkerraldera, eskuinaldera eta Durangaldera eramatearen garrantzia azpimarratu du, izan ere, “denok gara Bizkaia eta helburu bat daukagu: ahalik eta bizkaitar gehienek esperientzia hau zuzenean bizitzea eta ahalik eta pertsona kopuru handienak musika zuzenean sentitzea”. Era berean, garrantzitsutzat jo du “EMA sarien 25. urteurrena ospatzeko MTVk Bilbo aukeratu izana, munduko beste edozein hiri zituenean aukeran”. Desiratzen gaude “guztion artean jaialdi arrakastatsu bat sortzeko eta kontzertuetan artistek eta publikoak bat egin dezaten eta, horrela, Music Week ekimena esperientzia ahaztezina bilakatzeko”.


Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu duen bezala, “MTV-EMAk bere 25. urteurrena ospatzeko Bilbo aukeratu izanak, musikaren nazioarteko foku bihurtuko du astebetez gure hiria eta lurraldea. Antolatzen ari garen ekitaldiei esker, milaka gaztek, eta ez hain gaztek, bertako eta nazioarteko musikarik onenarekin abestu, dantzatu eta gozatu ahal izango dugu zazpi egunez. Era berean, Aburtok gogorarazi du “MTV-EMA bezalako egintzek aukera handia suposatzen dutela Bilborentzat eta bultzada ezin hobea da gure burua etorkizunean bestelako ekitaldiak (seguru iritsiko direnak) erakartzeko gai den hiri gisa proiektatzen jarraitzeko. Gure hiriaren aukeraketa ez da kasualitatea; gure profesionaltasuna, azpiegiturak, segurtasuna eta abar dira gure bermea; gauzak ondo egiteko eraikitako sare oso bat”.


Amaia del Campo Barakaldoko alkateak honako hau azpimarratu du: “MTV Bizkaian lurralde gisa arreta jartzeaz gainera, guregan ere jarri du arreta, Barakaldon, hiri gisa”. Zentzu horretan, Barakaldok esperientzia hori “bi aldiz” biziko duela adierazi du, izan ere, “alde batetik, urriaren 29an, MTV Music Week ekitaldiaren programaketa irekiko dugu, eta beste alde batetik, azaroaren 4an, sariak banatzeko galarekin, amaiera bikaina emango diogu asteari. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiogu MTVri gure hirian arreta jartzeagatik eta bere mundu mailako gertakaririk jendetsu eta hedatuenetako bat bertan ospatzeagatik.


Landako Gunean egingo diren kontzertuen berri jakin ostean, Aitziber Idigoras Durangoko alkateak esan du MTV Music Week Bizkaia «saria dela, dudarik gabe, baina baita aukera bat ere, eta, batez ere, erronka eder bat. Durangok, Bilbo, Barakaldo eta Getxorekin batera, modua izango dugu munduari erakusteko zer ahalmen dugun lehen mailako ekitaldiak antolatzeko, baina ez hori bakarrik, zeren eta, aukera aprobetxatuz, zer garen ere erakutsi ahal izango baitiogu munduari».


Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu duenaren arabera, “MTV – EMA sariak eta Music Week ekitaldiak, Getxo eta Bizkaia, erreferente gisa kokatzen dituzte berriro ere Getxo eta Bizkaia, kasu honetan, musikaren esparruan. Ekimen hori bat dator erabat nazioarteko aintzatespena duten jazz, folk edo blues jaialdiak antolatuz orain arte kultura eta musikaren alde egin dugun apustuarekin, Era berean, Landak adierazi du “Portu Zaharrean egingo den MTV MUSIC WEEKen kontzertuak, inplizituki, Getxoko eta bertako jendearen nortasun zeinua aitortzen duela: kultura eta musikarekiko duten maitasuna, kulturaren eta, nola ez, musikaren proposamenak gozatu eta preziatzen dakien herria.

 

Partekatu:
Twitter Facebook