Munoa Finkaren irudi berria erakutsiko digu gauez emango den musika eta argi ikuskizunak - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Munoa Finkaren irudi berria erakutsiko digu gauez emango den musika eta argi ikuskizunak

Munoa Finkaren irudi berria erakutsiko digu gauez emango den musika eta argi ikuskizunak

2017/04/24


Barakaldok “Aparteko ibilbideak” izeneko proiektu europarra berrartu du, Munoa Finka protagonista dela. Maiatzaren lehenengo asteburuan, Barakaldoko altxorrak itxura desberdina erakutsiko die herritarrei, zuzeneko musika eta argi ikuskizunaz baliaturik. Ekimen horrekin batera, ibilbide botanikoa, ibilbide historiko antzeztua eta familian egiteko jarduerak ere antolatu dira Muno Finka sustatzeko asmoz.


Barakaldok Frantziako, Kataluniako eta Euskal Herriko zenbait herrirekin batera hartzen du parte ‘Ibilbide paregabeak’ egitasmo europarrean. Proiektuak espazio publikoak itxuraldatuz, kultur eta natur ondarea eta ekonomia turistikoa baloratzea du xede. Gauzak horrela, Munoa Finkaren inguruan, parte-hartzaileei Finka ikusi eta altxorraz gozatzeko aukera desberdinak eskainiko dizkieten sei plan antolatu ditugu. Iragan otsailean, Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuen.


Maiatzaren 5ean (ostirala) eta 6an (larunbata) egingo da jarduerarik bereziena. Munoa parkeak -salbuespen gisa- ateak irekiko ditu gauez bertako 65.000 karratuko lorategiez eta jauregiaz gozatzeko zuzeneko musika eta argi ikuskizunaz batera. “Ikuskizun hau iragan otsailerako prestatu bazen ere, ezin izan genuen egin garai hartan zebilen haize indartsua dela eta, alerta horian egon ginelako. Hurrengo asteburuan, ekimenari ekingo diogu berriro, eta finkari argi berezia emango dioten zenbait elementu jarri dira” esan du Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok. “Jauregira heltzen garenean, musika eta argi ikuskizun polita ikusiko dugu” esan du.

 


Bisita doan da eta 21:30etik 23:30era bitartean garatuko da. “Oraingoan, ez da aurretik izena eman behar, parkerako sarrera doan da” zehaztu du zinegotziak.


Munoa Finkaren biodibertsitatea ikusteko bisita botaniko bi programatu dira larunbat goizerako (maiatzak 6). Bisitak 11:00etan eta 12:00etan hasiko dira. Izena emateko, telefonoz (944 375 805 / 695 748 832) edo e-postaz (naturgela@barakaldo.org) egin daiteke. “50 lagunentzako lekua izango da azalpenak parte-hartzaile guztiek entzun ditzaten” adierazi du Canterok.


Maiatzaren 7an, igandean, familien eguna izango da. 11:00etatik 13:00etara, familientzako tailerra jarriko da martxan, eta bertan, 7 urtetik 12ra bitarteko umeekin batera, finkako sekretuak ezagutu ahal izango ditugu.


13:00etan, ibilbide historiko antzeztua hasiko da eta ordubete inguruko iraupena izango du. Parte-hartzaileek denboran zehar bidaiatu, eta Ricardo Bastida arkitektoa edota finkako azken maizterra izan zen Horacio Echevarrieta ezagutzeko aukera izango dute. Jarduera bietan sarrera librea da eta ez da izena eman behar.

 

Partekatu:
Twitter Facebook