Munoa finkako horma kendu eta ingurua hobetzeko forjazko itxitura bat jarriko da partaidetzazko aurrekontuei esker - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Munoa finkako horma kendu eta ingurua hobetzeko forjazko itxitura bat jarriko da partaidetzazko aurrekontuei esker

Munoa finkako horma kendu eta ingurua hobetzeko forjazko itxitura bat jarriko da partaidetzazko aurrekontuei esker

2017/10/24


Llano kaleko edozein txokotatik ikusi ahal izango dugu Munoa finka. Barakaldoko Udalak lizitaziora atera berri du barakaldarrek partaidetzazko aurrekontuetan aukeratu zuten hiriko altxorraren ikusgaitasuna hobetzeko proiektua: horma eraitsi eta itxitura bat egin. 163.000 euro inguruko inbertsioa egingo da.

Udal aurrekontuetako 1.100.000 euro herritarrek zertan erabili erabakitzeko egin zen lehen prozesu parte-hartzailean, Munoa Finkako erabilera publikoa sustatzea izan zen boto gehien jaso zituen hirugarren proposamena. Aukera horren barruan herritarren beste proposamen batzuk ere bazeuden, hala nola kultur jaialdia eta umeentzako jaialdia egitea (Munoa Bizi egin zen), eta Munoa parkeko ikusgarritasuna hobetzea horma eraitsiz.


Herritarren eskari horri erantzuteko, finkako jatorrizko hesia nolakoa izan zitekeen aztertu dugu, garaiko estiloko itxitura jarri ahal izateko. “Horretarako, parkeko ateen eta jauregiko leihoen elementuak jasotzen dituen forjatua diseinatu dugu” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.


Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendatu zuen finka. Beraz, esparru horretako jatorrizko elementuak errespetatu behar ditugu. Horrela bada, Llano kaleko horma baino ezin izango da eraitsi, eta behealdeko hormigoi originala mantendu egin behar da. “Proiektua martxan jarri ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiarekin kontsultatu dugu, eta aldeko txostena igorri digu” azpimarratu du Del Campok.
Horma eraisteaz gain, lanen barruan orain dauden ateak kentzea ere badago, eta itxuran erabilitako forja berean egindako beste ate batzuk jartzea.


Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aste honetan, eta hortik aurrera, 26 eguneko epea egongo da eskaintzak jasotzeko. Lanak datorren urtearen hasieran abiarazi, eta bi hilabetetan amaituta egongo direla uste dugu. Lanek ez dute eragin aipagarririk izango trafikoan, zeren eta espaloitik egingo baitira.

 

Partekatu:
Twitter Facebook