Gurutzeta auzoak haurren parke berri bat edukiko du. Barakaldarrek Magallanes kalean umeentzako jolasgune berria egitea eskatu zuten partaidetzazko aurrekontuetan. Barakaldoko Udalak lizitatu berri du 41.757,10 euroko proiektua.
Barakaldoko lehenengo partaidetzazko aurrekontuetan, haurrentzako eta gazteentzako ekipamendu eta jarduera gehiago antolatzea izen zen boto gehien jaso zuen proiektua. Herritarrek Magallanes kaleko 18. zenbakiaren parean (17, 19 eta 21 zenbakien aurrean) umeentzako zabudun parkea egitea eskatu zuten.
Haur-parke berriak jokoen plataforma bi edukiko ditu eta arrapalak ere jarriko dira mugikortasun urriko pertsonak eta umetxoen aulkiak sartu ahal izateko.
Lehenengo plataforman egitura desberdinak jarriko dira, hala nola txirristak eta egokitutako txori-habia erako zabu bat mugikortasun urriko pertsonentzat. Gomazko lurzorua jarriko da umeen segurtasuna bermatzeko, eta lorategian, txorrota bakarreko edateko ur iturri bat egongo da.
Bigarren egituran, orain dagoen maila kendu, eta arrapala bat egingo da. Zoru teknikoa eta koloreduna jarriko da eta umeentzako hiru jolasgune egongo dira, kulunkak, txikitxoentzako zabu bereziak eta txirrista egiturekin.
“Herritarrek boto bidez eskatu ziguten obra da, eta uste dugu gune hori auzoko ume askoren elkargune bihurtuko dela” ziurtatu du Jon Andoni Uriak.
Bi hilabeteko epean egingo da eta partaidetzazko aurrekontuen 1,1 milioi euroko partidatik ordainduko da.
Partekatu: