Lutxanako Kulturgune berriaren obrak hasi dira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Lutxanako Kulturgune berriaren obrak hasi dira

Lutxanako Kulturgune berriaren obrak hasi dira

2022/02/03


Auzoko ekipamendu berriak 800 metro karratu baino gehiago eskainiko ditu eta liburutegi bat eta familientzako erabilera anitzeko gune bat barne hartuko ditu. Obrak bi fasetan egingo dira; liburutegia eta gune komunak lehenengoan, eta erabilera anitzeko aretoa bigarrenean. Lehenengo fase honek 5 hilabete inguruko iraupen-epea du.


Dagoeneko hasi dira Lutxanako Kulturgune berria sortzeko obrak; 800 metro karratu baino gehiago izango dituen kultura-ekipamendu berri bat. Gune horretan, liburutegi bat eta erabilera anitzeko gune handi bat barne hartuko dira, ikasketa-aretoekin, talde-lanak egiteko gelekin, hitzaldi eta erakusketetarako guneekin... Lanak bi fasetan banatuko dira; lehenengoan gune komunak eta liburutegia egingo dira, eta bigarrenean erabilera anitzeko gunea egokituko da.

Kulturgune berria Euskaldun Berria Plazako 5. zenbakian dago. Ekipamendu hori sortzea Amaia del Campo alkateak Lutxanako bizilagunekin bere gain hartu zuen konpromiso bat da, auzoari batu ahal izateko gune moderno, irisgarri eta jasangarri bat emateko. "Bizilagunak irrikatzen daude instalazio berri horiek erabiltzeko, eta laster egi bihurtuko da, eta honela, legegintzaldi honetan herritarrekin harturiko konpromisoa beteko da, eta auzoaren garapenean aurrera egiten eta gune modernoagoak skaintzen jarraituko dugu", adierazi du alkateak. Lehenengo faseko obrak 1,1 milioi euroko aurrekontuarekin irten ziren lizitaziora eta, azkenean, 859.409,40 eurotan -BEZa barne-adjudikatu dira.

Lutxanako Kulturgune berriak 800 metro karratu eta 100 pertsona barne hartzeko gaitasuna izango ditu. Liburutegira 500 metro karratu inguru bideratuko dira, solairu bakarrean, irisgarritasuna errazteko. Gainera, inguruko adingabeentzako gune bat izango du, eta horretarako 81 metro karratu bideratuko dira.

PROIEKTUAREN BIGARREN FASEA

Erabilera anitzeko gunearen egokitzapena bigarren fase batean egitea aurreikusten da, zeina kontrataziora irtengo baita 530.000 euroko lizitazioaren oinarrizko aurrekontu batekin. Gune horrek, hainbat gunetan banatua (hala nola ikasketa-gela eta erabilera anitzeko gelak), 300 metro karratuko azalera du. Erabiltzen diren material guztiek jasangarritasun eta aurrezpen energetikoaren irizpideak beteko dituzte, baina alde batera utzi gabe gune horiek gozatzeko erosotasuna.

Kulturgunea Lutxanako auzoak izango dituen ekipamendu berrien artean lehenengoa da. "Hau gure hirian gauzatzen ari den bigarren gizarte- eta hiri-eraldaketa handiaren erakusgarria da, pertsonak erdigunean jarriz eta auzoak protagonista direlarik. Ekipamendu berri horri Sefanitro inguruko lurretan eraikiko den gizarte-etxe handiari gehituko zaio, inguru horretan aurreikusitako hirigintza-garapenaren bidez. Erabilera anitzeko espazio horretan kultur etxe bat, igerilekuak eta kanpoko zelaiak egongo dira, auzoan kirola egiteko", adierazi du amaitzeko alkateak.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook