Lehen aldiz Barakaldon Amaia del Campok udal gestioaren inguruko kontu-arrazoiak eman ditu - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Lehen aldiz Barakaldon Amaia del Campok udal gestioaren inguruko kontu-arrazoiak eman ditu

Lehen aldiz Barakaldon Amaia del Campok udal gestioaren inguruko kontu-arrazoiak eman ditu

2017/02/27


Gaur goizean lehen aldiz Barakaldoko alkate batek udal gestioaren inguruko kontu-arrazoiak eman ditu. Alkateak, Amaia del Campok, talde politikoen bozeramaileekin egindako batzarrean 2016. urteko “Barakaldon asmoak betetzen” programaren balantzearen berri eman die. Modu horretara, errejidore-batzarburuak urtean zehar garatutako proiektuak aztertu ditu, eta hala, legegintzaldiaren hasieran ezarritako Gobernu Eredugarriaren ardatz nagusietako bat bete egin du.


Gobernu taldeak onartu berri du Barakaldoko Udalaren Etika eta Gobernu Eredugarriari buruzko lehen Kodea; horren arabera, Amaia del Camporen taldekideek gestioaren inguruko kontu-arrazoiak emateko konpromisoa hartzen dute. Lehen urratsa bozeramaileen batzordearen aurrean eman da, zeinetan 2015etik 2019ra bitartera ezarritako lau erronka nagusiak aztertu diren: Hiri Eraldaketa Iraunkorra; Hiri Atsegin, Eroso eta Irekia; Pertsonekin Konprometitutako Udalerri Solidarioa eta Euskara, Kultura eta Baliabide Turistikoen aldeko Apustua. “Oso argi genuen kontua da. Arduradun politikook kontu-arrazoiak eman behar ditugu geure bizilagunen aurrean, eta lehen ikasturte honetan gobernu-eredu berriari erantzun diogu, gardentasun eta lankidetza printzipioetan oinarriturik dagoena”, azaldu du Del Campok.


2019ra arte ezarritako 170 jardunbideen %92 abian jarriak ziren 2016. urtearen amaierarako. Besteak beste, honako hauek azpimarratzen ditugu: Parte Hartze izaerako Aurrekontuak abiatu dira, datorren asteazkenean herri bozketari ekingo diote eta 460 proposamen baino gehiago jaso dira; lizentzietarako erantzuna emateko denbora-tarteak laburtu egin dira; gaua igarotzeko aterpea muga eperik gabe irekitzeaz gain, eskualdeko lehen aterpea Barakaldon instalatzeko proiektua egin da; kaleko katuak Harrapatu, Esterilizatu eta Askatzeko sistema aztertzeari ekin zaio; Lasesarreko SPA erabilgarri jarri egin zaie bizilagunei; udal lokalak utzi egin zaizkie auzokide-elkarteei; Murrieta eta Urban arteko pasabidearen obrei ekin zaie; Barakaldoko lehen haur-eskola ireki egin da, halaber, aparkalekuak zeiharka zaharberritzeari ekin zaio; 812 pertsonek lan merkatuan sartzeko prestakuntza jaso egin dute, kulturarako diru-laguntzak areagotu egin dira, besteak beste.

UDALA ERRENDIMENDU BIZIAN


`Barakaldon asmoak betetzen´ programaren barruan 2015-2019 denbora-tarterako Gobernu taldeak ezarritako helburuei dagokienez, besteak beste honako ekimen hauek burutu ditu: eraikinak birgaitzeko diru-laguntzei buruzko ordenantzaren proiektua aurkeztu du; Barakaldoko auzo gehiagotara (Lutxana, Llano eta Retuerto) eraman du bosgarren edukiontzien zerbitzua; argiteria publikoaren instalazioa hobetu egin du hiriko zenbait lekutan; Arrontegiko adinekoen zentroa ireki du; arratoiak hiltzeko kanpainak abiarazi ditu; Munoa Finka eta Teknikaren Museoa bezalako ondarearen benetako balioa agerian jarri du; Udaltzaingoaren prestakuntza eta Ertzaintzarekin lankidetzan jardutea lortu du hiriko poliziaren presentzia aldatzeko; udal etxebizitzak eraberritu ditu; TAO tasa berriak onartu ditu, hala nola doako egoiliar txartela, merkatarien tiketa, alde marroia...


“Gauza asko egin eta abiarazi ditugu azken urte honetan. Ez da erraza izan, egoera ekonomikoa kezkagarria baita. Dena den, Udala ez da geldirik egon eta zerbitzu berriak eskaini dizkie barakaldarrei, hala nola umetxoentzako igeriketa ikastaroak edota spa, orain arte era irregularrean eskaini izan diren zerbitzuak eta kontratuak erregularizatu egin dira, eta epe laburrean egiteko proiektuak enkargatu ahal izan dira, hala nola ikastetxeetako aterpeak eta Arrontegiko eskailera mekanikoak” zerrendatu du Del Campok.


`Barakaldon asmoak betetzen´ programaren barruan daude 2016 urtean garatutako zazpi proiektu. Horietako hiru, iaz amaitu ziren, beste hiru, %50 baino gehiagoko exekuzio mailan zeuden (Merkataritzako Plan Estrategikoa, Vista Alegre kalea birplanteatzea eta barrutiak zehaztea), eta azkena, Etika eta Gobernu Onaren Kodea, %10eko exekuzio mailan zegoen. “Aipatu guztia 2016ko balantzea da, zeren eta gaur egun daukaguna hartzen badugu, Vista Alegre kaleko obra lizitazioan dagoela esan behar dugu, bai eta Kodea onartu dugula ere” argitu du Del Campok.


“Bi urte geratzen dira eta gobernu taldean `Barakaldon asmoak betetzen´ programak biltzen dituen gai garrantzitsuak errealitate bihurtzeko lanean jardungo dugu, zeren eta legegintzaldi honen hasieran, herritarrekin hartu genuen konpromisoa baita” esan du alkateak. “Herritarrak erabakitze-prozesuetan partaide izateko aukera ematen duten ekimenak lantzen jarraitu nahi dugu, bai eta udal jarduera politikoan duten protagonista papera aitortu ere” esan du.
`Barakaldon asmoak betetzen´ programari dagokion 2016. urteko amaierako txostena eskuragarri dago Udalaren webguneko (www.barakaldo.org) Parte-hartzea eta Gardentasuna izeneko atalean.

Partekatu:
Twitter Facebook