Kontserbatorioan ordezkapenetarako protokoloa ezarri du Barakaldok, eta lan poltsa propioa prestatzen ari da - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Kontserbatorioan ordezkapenetarako protokoloa ezarri du Barakaldok, eta lan poltsa propioa prestatzen ari da

Kontserbatorioan ordezkapenetarako protokoloa ezarri du Barakaldok, eta lan poltsa propioa prestatzen ari da

2017/02/27


Musika Udal Kontserbatorioko irakasleen ordezkapenak arintzeko metodologia ezarri du Barakaldoko Udalak. Dagoeneko, hutsik zeuden bi plaza - perkusio eta saxofoikoak - bete dituzte, bi hilabetez hainbat lan-poltsatan bila ibili ondoren.


Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioan musika eskolak emateko ordezkapenak aurkitzea aspalditik datorren kontua da. Oraingoan, beste udalerrietako lan-poltsetara jo behar izan da erakunde publiko batean lan egin ahal izateko aurretiazko proba gainditu duten irakasleak aurkitzeko. “Gutxi dira udal kontserbatorioa daukaten udalerriak, eta horrexegatik, nekez aurki ditzakegu gureak ez diren lan-poltsak” aztertu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-menpekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.


Arazo horren aurrean, Kultura eta Pertsonaleko Arloek jarduketa prozedura bat prestatu dute batera, plazaren bat hutsik geratuz gero, presazko protokolo bat ezartzeko, lanpostua lehenbailehen bete dadin.
Protokoloa indartze aldera, lan-poltsa propioa prestatzeko prozesua prestatzen ari dira. “Zortea dugu, oso gutxi baitira Udal Musika Kontserbatorioa daukaten udalerriak, eta horrexegatik ikasleek zerbitzurik onena izan dezaten ahalegindu behar dugu, ospea izaten jarrai dezan” azpimarratu du Canterok.
ERREFORTZUA PROBETARAKO
Gaur goizean bertan elkartu dira Kultura Arloko arduradunak Kontserbatorioko irakasle berriekin, orain arte eskolarik gabe egon diren ikasleei konponbide bat eskaintzeko. Martxoaren 6an – Inauteri jaien osteko lehenengo eskola-eguna - hasiko dira berriro perkusio eta saxofoiko eskolak Kontserbatorioan.


42 ikaslek hartzen dituzte gaur egun perkusio eta saxofoi eskolak, 21na irakasgaiko. Horietatik, modalitate bakoitzeko lau ikasle aurkeztuko dira ikasturte amaierako Maila Profesionaleko edo Goi Mailako azterketetara. “Biziki kezkatzen gaitu ikasle guztien egoerak, eta horregatik prestatu dugu galdutako orduak berreskuratzeko programa bat, batez ere mailako proba egin beharrean dauden zortzi ikasle horiek arrakastaz gaindi ditzaten azterketak" esan du Canterok.


Kontserbatorioko eskolak maiatzaren 29an amaituko dira. Ordutik eta ekainaren 13ra arte, perkusio eta saxofoiko jarduera trinkoak burutuko dira, beren ezagutzak indartu nahi dituzten ikasleek probetarako prest egon daitezen.


ZUZENDARITZA BERRIA


Zuzendaritzaren agintaldiari buruzko Iparragirre IGEk mahairatutako proposamena eztabaidatu zuen atzoko saioan Udalbatzak. AFAren (Antolamendu eta Funtzionamendu Arautegia) arabera, hiru urteko iraupena dauka. “Jardunean den zuzendariak kontsulta egin zuen Eusko Jaurlaritzako ikuskaritzan, eta gaur egun indarrean den AFAren interpretazio bat ez ezik indarrean den autonomia-araudiari buruzko interpretazioa ere aurkeztu zion Kultura Arloari, zeinaren arabera ulertzen den agintaldia lau urteko dela. Hori ikusita, Arloaren arduradun juridikoaren lege-interpretazioa eskatu zen, eta bat dator Eusko Jaurlaritzaren interpretazioarekin" azaldu du Canterok. “Txostenek jasotako irizpide teknikoa bazter uztea, gutxienez, irregulartasun administratiboa izan daiteke".


Horrela, bada, zinegotziak harridura azaldu du Barakaldoko PSEk - dela ezjakintasunagatik dela fede gaiztoagatik – egindako deklarazioen aurrean, OOG baita eta ez Barakaldoko Alkatea zuzendaritza berri bat aukeratzeko hauteskundeetarako deia egiteko ahalmen osoa duena.


Zinegotziak gogorarazi du AFAk IGEri ematen diola zuzendaritza aukeratzeko prozesua zabaltzeko ahalmena, OOGk deialdia egin, eta gai zerrendan puntu hori jarrita. Zuzendaritzak deialdirik egin ezean jardungo luke Alkateak, Toki Araubideko Oinarrien Legeari jarraikiz.

 

Partekatu:
Twitter Facebook