Karmenetako txupin-jaurtiketa morez tindatzeko deia egin dute pregoilariak, txupin-jaurtitzaileek eta Barakaldoko alkateak - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Karmenetako txupin-jaurtiketa morez tindatzeko deia egin dute pregoilariak, txupin-jaurtitzaileek eta Barakaldoko alkateak

Karmenetako txupin-jaurtiketa morez tindatzeko deia egin dute pregoilariak, txupin-jaurtitzaileek eta Barakaldoko alkateak

2018/07/13


Gaur goizean batzartu da Amaia del Campo alkate barakaldarra aurtengo Barakaldoko Karmenetako txupin-jaurtitzaile eta pregoilariarekin, pregoi irakurketa morez tindatzeko deia batera egiteko. “Parte-hartze zabal baten bidez agertu nahi dugu emakumeenganako indarkeriaren aurka aritzeko hiriak emandako hitza", esan du Del Campok, txosna esparruan jartzen den puntu lilaren aldamenean.


Jaiei hasiera emateko egun bat falta den honetan, iazko eta 2018ko Karmenetako pregoilari eta txupin-jaurtitzaileek brusa eta txapelak eskuz aldatu dituzte. Halatan, Barakaldo Futbol Klubak Eskubaloiko Barakaldo Klubaren sortzaile Jose María Lópezi (Chandro goitizenez) eman dio lekukoa. Chandrok prest du dagoeneko pregoia.


Mukusuluba eta Arrontegi eskoletako zuzendari Begoña eta Maitek Xabier Tijero eta Natalia Gómezi jantzi dizkiete txupin-jaurtitzaile brusak, jaiari hasiera emateko metxa piztu dezaten. “Iazko pregoilari eta txupin-jaurtitzaileei nire eskerrik beroena adierazi nahi diet iaz jaietan egindako ahaleginagatik, ekitaldi guztietara agertu baitziren", nabarmendu du Del Campok. “Pregoilari eta txupin-jaurtitzaileei, gure Karmenak bete-betean goza ditzatela opa diet”. Badakit gogorra dena, asko baitira jarduerak, eta lan handia izaten da egunero, baina herritar batek egin dezakeen gauzarik ederrenetakoa da, beraz... gozatu!", erantsi du.


Indarkeria sexistarekin konprometitutako txupin-jaurtiketa


Jai-ordezkariek bat egin dute alkatearekin, aurtengo txupin-jaurtiketa kolore lilaz tindatzeko. “Denok egon nahi dugu patxada ederrean, giro osasuntsuan eta segur jaietan” Horregatik nahi dugu garbi utzi Karmenetan ez dugula emakumeen aurkako eraso sexistarik onartuko Barakaldon. Beraz, inor badator gure emakumezko herritarrei eraso egiteko asmoz, hobe du Barakaldora ez etortzea", esan du tinko Del Campok.


Ekimena hedatze aldera, gizarte sareetan eta Udaleko pantaila argidunetan deia egin die herritarrei pregoiaren irakurketan kolore moreko kamiseta, eskuturreko, laxo, kapela, ileorde... janzteko. Morezko edozerk argi uzten du, begi-kolpe batean, Barakaldo konprometituta dagoela emakumeenganako sexu-indarkeria amaitzeko emandako hitzarekin. “Jaiak beldurrik gabe bizitzeko eskubidea erreibindikatzea besterik ez zaigu geratzen, eta horregatik uste dugu eskubide horren aldeko ezein sentiberatze-ekintza ongi etorria izango dela”, nabarmendu du Del Campok. “Keinu txikiak dira, baina herritarren gaitzespena adierazteko oihartzun handiko egintza bihur daitezke”.


Erasoaren biktima artatzeko protokoloa


Erabateko konpromisoa hartua du Barakaldoko Udalak gizarteko gaitz honen aurka borrokatzeko. Alde horretatik, Erasoen Aurkako Taldea eratu da iaz bezala aurten ere, Udal Jai Batzordearen, Tokiko Polizaren eta emakumeen auzo elkarteen laguntzaz. Taldeak berak prestatu du ustez sexu erasoa jasan duena artatzeko neurriak azaltzeko protokoloa. “Dokumentua plastifikatu, eta jai esparruko txosna guztietan eta ostalaritzako lokaletan jarriko da, erasoa jasan duenari atoan laguntzeko", nabarmendu du alkateak.


Bi aukera azaltzen ditu: biktimak salaketa jarri nahi izaten duenerako, bata, eta, jarri nahi ez duenerako, bestea. “Urrats horietako bakoitza, gainera, erasoen aurkako taldekideek adostu dute, eta horrek erakusten du, hain zuzen ere, gaiaren munta eta barakaldarren konpromisoa”, azpimarratu du.


Merkatariek ere bat egingo dute sexu erosoen aurkako ekimenarekin, eta horretarako puntu lila jarriko dute beren erakusleihoetan. “Gai honetan barakaldar guztiak gatoz bat: gure hiriak ez du onartzen emakumeen aurkako erasorik. Beraz, jar dezagun bihar hori agerian, Herriko Plazan", animatu du jendea alkateak.


Segurtasun neurriak


Horrezaz gainera, segurtasun neurriak prestatu ditu Udalak jaiotarako. Ertzaintza eta Tokiko Poliziaren arteko ekintza koordinatuak prestatu dira, “jendea segur eta libre ibil dadin jai jardueretan", azpimarratu du alkateak.


Tokiko Poliziak metroko sartu-irtenak zainduko ditu, eta alkoholemia kontrolak egingo ditu. Aurrekoetan bezala, larunbatean, hilaren 14an, eta ostiralean, hilaren 20an, alkohol eta droga abusuei aurrea hartzeko ekimenak abiaraziko dira, gauerditik aurrera. Gainera, drogei eta sexu seguruari buruzko informazioa eskainiko da, eta prebentziozko kontrolak egingo dira, gehiegizko kontsumoen ondoriozko kalteak apaltzeko.

 

Partekatu:
Twitter Facebook