Itzuli da berriz Munoa barrutik programa eta 48 ibilbide dakartza Munoa Jauregia barrutik ikusteko, maiatzetik urrira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Itzuli da berriz Munoa barrutik programa eta 48 ibilbide dakartza Munoa Jauregia barrutik ikusteko, maiatzetik urrira

Itzuli da berriz Munoa barrutik programa eta 48 ibilbide dakartza Munoa Jauregia barrutik ikusteko, maiatzetik urrira

2022/04/26


Bi pandemia-urte igarota, itzuli da normaltasuna Barakaldoko Munoa Jauregira ere Munoa Barrutik programarekin: leku barakaldar hau, 2017an Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendatua, ezagutzeko esperientzia bikaina, 20 laguneko taldetan bisita gidatuak eginez. Barakaldoko harribitxia ezagutu nahi dutenek maiatz, ekain, irail eta urrirako aurreikusitako 48 ibilaldietako edozeinetan eman dezakete izena. Bihartik aurrera eman ahal izango da izena, egoitza elektronikoan, BarakaldoApp-en, 010 telefonoan eta HAZeko bulegoetan (Herriko Plazan eta Gurutzeta eta Clara Campoamor zentro zibikoetan).

Gaur goizean joan da Barakaldoko alkatea Munoa finkara, ekimenaren berri ematera. 2019an iritsi zen Munoa Barrutik ekimena hirira, 374.307,28 euroko inbertsioaz jauregiko estalkia berreskuratu eta birgaitu ondoren. Joan de 2021ean berriro ekin zitzaien bisitaldiei, baina osasun-egoera medio, oso talde txikiak antolatu beharra zegoen, eta azalpenak audio-gidaz eman. Oraingo honetan, ostera, 48 bisitaldi egingo dira; 16, larunbatetan eta 32, igandeetan. Taldeak 20 lagun bilduko ditu, gehienez, eta Munoa finkaren eta palazioaren historian aditua den gidari batek emango ditu azalpenak.

Zehazki, bisitak larunbatetan (17:00etatik 18:00etara) eta igandeetan (11:30etik 12:30era eta 13:00etatik 14:00etara) egingo dira. Bisitaldiak jauregiko solairu noblean egingo dira, eta honako ibilbide hauek egingo dira: atondoa, korridorea, egongela handia, jangela, officea, kapera, Horacio Echevarrietaren bulegoa, beste bi areto, eskailera eta beiratea.

EKIMENEAN IZENA EMAN

BarakaldoAppean, 010 edo, Barakaldotik kanpo deitzen bada, 944789200 telefonoaren bidez, aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ): Herriko Plazan, Gurutzetako Zentro Zibikoan eta Clara Campoamor zentroaren bulegoan, edo egoitza elektronikoan.

Ekimenak 2 euroko kostua du; euro 1ekoa, ostera, jubilatu, pentsiodun eta langabeentzat eta 7 eta 12 urte bitarteko adingabeentzat. Doan izango da 0 eta 6 urte bitarteko adingabeentzat.

MUNOA FINKAREN BALIOA NABARMENTZEA

Barakaldoko Udalak Barakaldoko ondare historiko eta industrialari balioa emateko lanean jarraitzen du. Munoa finkak balio handia du ekintza horietan, eta, horregatik, herritarrek kokagune historiko hori hobeto eta gehiago ezagutzeko ekintzak lantzen ari dira. Horrela, aste honetan, Munoa kaletik barrena finkara sartzeko ate berri bat instalatzen ari dira. Gainera, finkari eta estatuei buruzko informazioa duten totemak eta pantaila digitalak jarriko dira, eta parkera joaten den edonork kontsultatu ahal izango ditu. Era berean, maiatzean, finkako espezie bakoitza identifikatzeko plakak jarriko dira (landare-zuhaitzak). Azkenik, Munoa finkari buruzko edukia handitzen ari da Udala, hainbat euskarritan kontsultatu ahal izateko, hala nola Barakaldoko APPean, Visit Barakaldo webgunean, eta bertan instalatuko diren totemetan.

Barakaldon jende askok oraindik ezagutzen ez duen harribitxi bat daukagu. Ekimen horien guztien bidez, gure helburua da monumentu-multzo hau balioan jartzea, merezi duen garrantzia ematea, herritarrek gero eta sarbide handiagoa eta errazagoa izan dezaten beren historiara. Zalantzarik gabe, Barakaldoko historiaren parte da historia hori, eta zabal dadin nahi dugu denok. Izan ere, Barakaldok aspaldi utzi zion hiri gris izateari, eta hiri berde, atsegin eta iriste-erraz bihurtu da, bere historia eta ondarea errespetatzen dituena, Del Campok adierazi duenez.

2015ean ireki zenetik, Udalak hainbat hobekuntza egin dizkio Munoa finkari eta haren jauregiari. Ondare Ondasun gisa babesteko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari; parkea inguratzen zuen horma ordeztu da, jatorrizkoaren itxura berreskuratzen duen hesi metaliko bat jarriz; jauregiaren teilatua konpondu da, barrualdea narria ez dadin; hartxintxarrezko bideen ordez, iriste-errazagoak diren beste batzuk jarri dira; argiztapena, bankuak eta paperontziak ugaritu dira; monumentu multzoa erabili eta ezagutzeko kultur programazioa sortu da...

"Udalean argi dugu benetako harribitxia daukagula, eta nahi dugu herritar guztiek ezagutu eta zaintzea. Horrexegatik gonbidatu nahi ditut herritarrak Munoa Barrutik honetan parte hartzera, ziur bainago harritu egingo dituela», esanez amaitu du.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook