Inguralderen Astelehen teknologikoak programak negozioetan teknologia berriak nola erabili azalduko du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Inguralderen Astelehen teknologikoak programak negozioetan teknologia berriak nola erabili azalduko du

Inguralderen Astelehen teknologikoak programak negozioetan teknologia berriak nola erabili azalduko du

2017/03/27


Barakaldoko Garapen Agentziak (Inguralde) eta SPRIk (Enpresa-garapenerako Euskal Agentzia) bi orduko prestakuntza ikastaroak jarri dituzte martxan teknologia berrien erabilera profesionalen, autonomoen eta mikroenpresen artean sustatzeko. Prestakuntzari `Astelehen teknologikoak´ izena eman zaio eta Inguralden emango dira ikastaroak 14:00etatik 16:00etara. Programa horri esker, tresna digitalek interneten estrategia bat garatzeko eta online salmentan lekua aurkitzeko eskaintzen dituzten aukerak eskura daitezke.

“Hornitzaile teknologikoekin batera beraien negozioetan teknologia berrien aplikazioan eta kudeaketan jokabide aktiboa izateko prestakuntza ematea da xedea” azaldu du Inguraldeko buru Danel Solak.

Mikroenpresa Digitala programaren barruan dagoen ekimena da eta helburu nagusia, teknologia berriak erabiliz, enpresa lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea da, bai eta sarean negozio berrien garapena bultzatzea ere. SPRIk eta Inguraldek adostu dutenez, “Barakaldo eta Inguralde erreferentzia izatea lortu nahi dute, esparru honetan trebatu nahi duten eskualdeko profesional, autonomo eta mikroenpresentzako” esan du Danel Solak.

NEURRIRAKO ESKAINTZA

Aipatu akordioari esker, Barakaldoko Garapen Agentziak abendura arte eskainiko du SPRIk emango dituen ikastaroen programazio osoa. Ikastaroetan irtenbide praktikoak eta eraginkorrak eskainiko dira lau alor handi hauetan: merkataritza elektronikoa, sare sozialak, marketin digitala eta online produktibitatea. Gauzak horrela, enpresa eta webgunea Datu Pertsonalak Babesteari eta Informazioaren eta Merkataritza Elektronikoaren Gizartearen Zerbitzuei buruzko legeen arabera egokitzeko ikastaroak diseinatu dira; bai eta Facebook orria nola diseinatu, Twitter-ek dituen erabilerak edo blog korporatiboak marketin tresna gisa ikastekoak ere. Ikastaroetan zenbait gai landuko dira, hala nola negozioaren online ospea, nola egin e-mailing bezeroentzat Mailchimp bidez, edo online eginbeharren kudeaketan zeintzuk diren negozioek lagungarri izango dituzten aplikazio eta ohiturak.

Programatuta dauden ikastaroak Inguralderen webguneko agendan kontsulta daitezke (www.inguralde.com). Izen-ematea doakoa da eta online egin behar da webgunearen bitartez.
`Astelehen teknologikoak´ programak ikastaro bakoitzean ematen diren materialak eskuratzeko bide ematen duten plataforma lagungarri bat ere badu aurrez aurreko prestakuntzan parte hartu ezin dutenentzat.

Inguraldek hiriko ETEei online salmentara hedatzeko eskaintzen dien estrategia globalaren barruan sartu du `Astelehen teknologikoak´ programa, eta horretarako, sektoreak dituen premia zehatzetara egokitutako zenbait baliabide digital sortu ditu: bana-banako aholkularitza, `Interneten saltzeko bost era´ gida digitala, autonomoentzako IKT irtenbide katalogoa, teknologia berrien bertoko hornitzaileen gida, tokiko negozioen kasu praktikoak eta Facebook-i buruzko gomendioak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook