Inguraldek, Barakaldoko Udaleko garapen agentziak, Gazte Bermea Sisteman (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan) izena emanda eta kualifikazio gutxiko 16-29 urteko gazteentzako ikastaro bi sartu ditu azken hiruhileko prestakuntza eskaintzan.
Bizikleten mekanikari eta mantentze-lanei eta dronak pilotatzeari buruzko prestakuntza emango da doan. Europako Gizarte Funtsak finantzatu ditu Txertatu Merkatuan programaren bidez.
Tailerrak urria eta azaroa bitartean hasiko dira. Inguraldeko lehendakari Danel Solak dioenez, “bi sexuetako gazteak epe labur-ertainean lan aukerak eskainiko dizkieten prestakuntza prozesuetan edo lan-merkatuan sartzea” da asmoa.
Ikastaroek bi prestakuntza ibilbide dituzte eta bakoitzak bereizita dauden fase bi ditu. Prestakuntzak parte-hartzaileen gizarteratzea eta laneratzea du xede.
Lehenengo fasea –komuna bi ikastaroetan- lan-gaitasunak identifikatzean datza, ikasle bakoitzaren lan-profila egiteko eta prestakuntzaren inguruko harremanak indartzeko, bai eta elkar laguntza eta taldeko lankidetza sustatzeko ere.
TAILER PRAKTIKOAK
Prestakuntza prozesuko bigarren fasean, ezagutza teknikoak emateaz gain, praktikak ere egingo dira, bai bizikleten mekanika alorrean, bai dronak pilotatzen.
Bizikleten mekanika ikastaroak 80 orduko prestakuntza du. Ikastaroak honako zeregin hauek landuko ditu: desmuntatzea; direkzioa doitzea eta koipeztatzea; balaztak; erradioa aldatzea; pedalier estankoa aldatzea; abatza; gurpil-azal eta kamerak; torlojuak eta esekidura. Ikastaroan beste alor hauek ere landuko dira: aldagailua konpontzea eta aldatzea; higatzen diren piezak aztertzea; eta bizikleta garbitzea eta lubrifikatzea.
Dronak pilotatzeari buruzko tailerrak berriz, 70 orduko prestakuntza izango du. Alde teorikoan honako gaiak landuko dira: araudia; aireontziaren inguruko ezagutza orokorrak; komunikabideak eta jarduteko prozedurak. Ikastaro honek ere izango du alde praktikoa eta besteak beste honako alor hauek landuko dira: mugak; larrialdietarako prozedurak; pisua eta oreka eta muntaketa eta doikuntza.
Ikastaro bietan egingo dira parte-hartzaile bakoitzaren trebetasunak indartzeko prestakuntza-ekintzak, eta ikasleek ordaindutako praktikak ere egingo dituzte.
Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek Gaztebulegora jo beharko dute (San Juan kalea, 17 – Barakaldo).
Partekatu: