Hiru ibilbideri esker, Barakaldoko emakumeek segurtasunik gabeko guneak antzeman eta desagerrarazteko lan teknikoa ikusiko dute - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Hiru ibilbideri esker, Barakaldoko emakumeek segurtasunik gabeko guneak antzeman eta desagerrarazteko lan teknikoa ikusiko dute

Hiru ibilbideri esker, Barakaldoko emakumeek segurtasunik gabeko guneak antzeman eta desagerrarazteko lan teknikoa ikusiko dute

2017/09/20


Hirian zehar eta auzoetan barrena egingo diren hiru ibilbideek segurtasunik gabeko guneak antzemateko eta kontrolatzeko egiten den lana erakutsiko diete emakumeei. Barakaldoko Udaleko Emakume Arloak hirian lehen aldiz egiten den ekimen honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu emakume barakaldarrak.

Lehenengo ibilbidea, `Hiria eta argia´ izenekoa, datorren asteartean, irailak 26, egingo da 20:15ean. Clara Campoamor zentroan izango da irteera gunea, eta Bide Oneran amaituko da. Programatu diren beste ibilbide biak, `Auzoak kateatzen´ izenekoak, urriaren 5ean eta 30ean egingo dira, 10:00etan eta 20:15ean, hurrenez hurren. Aipatu bi ibilbideotako lehena Clara Campoamor zentrotik irten, eta Gurutzetako plazan amaituko da, eta bigarrena, Gurutzetako plazan hasi, eta Bide Oneran amaituko da.


“Emakume, Herritarren Segurtasun, Hirigintza, Azpiegitura eta Udal Zerbitzu arloek egiten duten lana erakusteko ibilbideak prestatu dira. Izan ere, teknikariak emakumeei segurtasun ezaren sentsazioa eragin diezaieten guneak arakatzen eta inguruak aztertzen ibiltzen dira hirian zehar, bai eta guneotako egoera hobetzeko neurriak bilatzen eta irailean martxan jarritako Segurtasunik gabeko Puntuen Mahaian adierazten diren gertakariak konpontzen ere” adierazi du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.
Ekimen honen bidez, emakumeak hiria hobetzeko alderdi aktibo bilakatuko dira, in situ ikusi ahal izango baitute hiriaren garapena emakumearen ikuspegitik.


Hiriaren erdigunean eta Gurutzeta, San Bizente, Bagatza, Arrontegi, Arteagabeitia, Retuerto, Burtzeña eta Lutxana auzoetan zehar ibiliko gara. “Goizeko eta gaueko ibilbideak programatu ditugu, teknikariek ere horrela ibiltzen dira, sentsazio biak esperimentatu ahal izateko” adierazi du Del Campok.


Ibilbideotan parte hartu nahi izanez gero, telefonoz (010, Emakume Arloa: 944 789 435 - 944 789 422 edo 688 610 462) edo posta elektronikoz (igualdad@barakaldo.org) abisatu beharko da.
“Hiria hobetzeko, bertako bizilagunekin batera jardutea nahitaezkoa dela uste dugu, beraz, Barakaldoko emakumeak Segurtasunik gabeko Puntuen Mahaian edo ekimen honetan parte hartzera animatu nahi ditugu” esan du amaitzeko Del Campok.


HOBETZEKO ETENGABEKO LANA


Segurtasunik gabeko Puntuen Mahaia 2015eko irailean jarri zen martxan, udalerriko emakumeen elkarteek, Udalean ordezkaritza duten talde politikoek eta Emakume, Herritarren Segurtasun, Hirigintza. Azpiegitura eta Udal Zerbitzu arloek egindako lanari esker. Ordutik hona, hiriko argiztapena hobetzeko jarduketak egin dira -800.000 euro baino gehiagoko inbertsioa-, eta lan garrantzitsu batzuk amaitzear daude, hala nola Burtzeñako eta Renferen lurpeko tunelak –Murrieta kalearen eta Urban-Desertu auzoaren artean- behin betiko ixtekoak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook