Barakaldoko Integrazio Sozialerako Zentroko hirugarren solairuan, duela hilabete batzuk estreinatu zen Anaien parkeko topalekuan landutako asmoaren emaitza da gazte barakaldarrek sustatutako lehen belaunaldiarteko lankidetza-lana. `Barakaldo Intergen´ da proiektuaren izena, 2016an Hartu-Emanak erakundeak Udalarekin batera sustatu zuen proiektuaren izena hartu da helburu bera daukatelako proiektu biek: gazteen eta adinekoen arteko jarduerak sustatzea. Proiektua martxoan jarri zen martxan, eta gaur arratsaldean, 18:00etan, egingo da aurkezpena ISZko topalekuan.
“Gune hau Giltzarriko gazteentzako topaleku bilakatzeko erabakia hartu genuenean, gazteen eta adinekoen arteko harremanak bultzatzeko oso garrantzitsua izango zela pentsatu genuen, eraikin berean dagoelako adinekoen zentroa" azaldu du Amaia del Campo alkateak. “Topalekura joaten direnak jakin-min eta interes handia duten gazteak dira, eta berehala lortu dute adinekoen arreta" zoriondu ditu.
2015ean, Barakaldoko Udalak Belaunaldiarteko Programak kolektibo desberdinen artean garatzeko bultzada bat ematea erabaki zuen, hala nola gazteen erakundeak, gazteen eta helduen ikastetxeak, adinekoen elkarteak, etab. Horretarako, hamaika urte luzez Hartu-Emanak elkarteak Udaleko Hezkuntza zerbitzuarekin batera garatutako `Barakaldo Atzo´ programarekin lortutako esperientzia hartu du abiapuntu. Beraz, horrela sortu zen `Barakaldo Intergen´ proiektu globala; Giltzarrik martxan jarri zenetik hartzen du parte.
HIRI ORTUA, MAHAI-JOKOAK SORTU, TAILERRAK
ISZko topalekua zabaldu denetik, Udaleko Gazteria Arloaren zerbitzuko neska-mutilek adin desberdinetako jendearekin harremanetan jartzeko aukera izan dute, eta bereziki, zentroko adinekoekin. Horrela bada, gazteek beraien belaunaldiarteko lankidetza-proiektua martxan jartzea erabaki zuten, martxoan abian jarri zen lan-batzordetik abiatuta. “Batzordean 10 lagun daude, gazteak eta nagusiak, elkar ezagutu, baterako ideiak eta proiektuak sortu eta sarean lan egitea da guztien xedea, adin guztietarako udalerria sortu ahal izateko” azaldu du alkateak.
Denbora tarte honetan, batzordeak lan-plan bat egin du eta gaur arratsaldean azalduko da. Plan horretan azaltzen dira hurrengo hilabeteetarako proiektuak eta horien barne dauden zenbait ekintza eta tailer ere, hala nola `Teknozalantzak´ (teknologia berrien, mugikorren, Interneten inguruko elkarrizketa eta elkarrekin ikasteko tailerra); hiri-ortuak; altzariak eta mahai-joko tradizionalak egitea, etab.
“Bagenekien gazteek ondo aprobetxatuko zutela espazioak eskaintzen zien aukera, eta gazteek ez ezik, adinekoek ere gozatuko dute, beraz, lan-batzordeko guztiei zorionak eman nahi dizkiet egiten ari diren lanagatik, eta bide batez, herritarrak ere animatu nahi ditut bertatik sustatutako tailerretan eta jardueretan parte hartzera, errealitate eta esperientzia berriak ezagutzeko aukera aparta baita" esan du amaitzeko alkateak.
ZER DIRA BELAUNALDIARTEKO PROGRAMAK?
Belaunaldiarteko programetan adin desberdinetako pertsonen harremanak eta elkarlana sustatzen dira jardueren edo programen bidez. Helburua pertsona horiek dituzten ezagutzak eta oroitzapenak partekatzea eta trukatzea da, norberarentzat ez ezik, komunitatearentzat ere aberasgarriak izango direlako. Programa horiek adin guztietarako gizartearen aberastasuna izateko eta horretaz gozatzeko aukerak ematen dizkiete norbanakoei, familiei, bai eta komunitateei ere.
Partekatu: