Gerra Zibilaren biktimen omenezko plaka jarri dute Barakaldoko Herriko Plazan - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Gerra Zibilaren biktimen omenezko plaka jarri dute Barakaldoko Herriko Plazan

Gerra Zibilaren biktimen omenezko plaka jarri dute Barakaldoko Herriko Plazan

2017/06/13


Barakaldo omenaldiak egiten ari zaizkie Gerra Zibilaren biktimei, eta, omenaldi horien baitan, gerraren sarraskia bizi izan zuten barakaldar guztien ohorezko plaka bat inauguratu du gaur Udalak Herriko Plazan. Gerrako umeek kendu diote estalkia bereizgarriari Amaia del Campo alkatea, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko kontseilari Josu Erkoreka eta "Gogora" Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Amaia Ezenarro buru izan dituen ekitaldian.

1937ko ekainaren 13an Barakaldok gerra garaiko bonbardaketarik hilgarriena jasan zuen; 26 hildako izan ziren. Hori horrela, gertaera horren 80. urteurrenean, gatazkaren biktimak, senideak galdu zituztenak, seme-alabak Euskaditik at bidaltzeko erabaki latza hartu zutenak eta bakearen bila itsasontzietan igo ziren umeak gogoratu nahi izan ditu Udalak.
Horretarako, omenaldia eskaini dute 19:00etan Herriko Plazan. Koldobika López historialariak eta Arantza Sancho kazetariak gidatu dute ekitaldia, eta herriko hainbat taldek hartu dute parte; esaterako, Schola Cantorum-ek eta Schola Txikik, Idoia Anzorandia Kareaga bertsolariak eta Ruaille Buaille taldeak.


Gerraren Barakaldoko zazpi biktima izan dira ekimenean: Muñatoneseko batailoieko gudari baten iloba; 1937an Belgikara ebakuatutako gerrako hiru neskato; Frantzian erbesteratutako gerrako bi neska eta Alonsotegiko bonbardaketaren lekuko bat.


Alkateak eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei Herriko Plazara inguratu izanagatik, eta begirunea eta miresmena agertu die "mendekuan eta gorrotoan pentsatu gabe etorkizuna eraikitzea" lortu dutelako. "Eskerrik asko aurrera begiratzeagatik eta egun gozatzen dugun Barakaldo eraiki izanagatik", gehitu du.


Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak memoria egitearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, "egindako bidegabekeriak artezteko iragana gogora ekartzeaz gain, etorkizunarekin ere amestu nahi dugu, etorkizun hobe batekin, bateratuagoa, intolerantziarik eta indarkeriarik gabekoa, gerrarik eta errefuxiaturik gabekoa".


Plakari estalkia kendu ostean, Barakaldoko gerrako umeen izenak irakurri dira. 1.200 adingabe zirela kalkulatzen da.
Amaitzeko, Herriko Plazak txalo bero eta hunkigarri batez agurtu ditu Gerra Zibilaren biktima barakaldarren ordezkari han izandakoak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook