Eskuko telefono zaharrak batuta, mitokondrietako gaixotasunak dituzten pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko botika berriak egiteko ikerkuntza ordaintzea bilatzen da.
Ezkerralde eta Meatzaldeko Euzko Alderdi Jeltzalea "Jonen alde Mobilizatu" izenburuarekin egiten den kanpainan parte hartzea erabaki du. Kanpaina hau Mitokondrietako Gaixotasunen Elkarteak jarri du abian, helburu nagusia halako gaixotasunek jota bizi diren pertsonen bizitza kalitatea delarik.
Parte hartzeko erabaki honen bidez, Abanto, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran eta Zierbenako udalek bat egin dute, mitokondrietako gaixotasunek jota bizi diren umeen gurasoek erabilitako eskuko telefono zaharrak biltzeko sortu duten kanpainarekin.
Josu Bergara Sestaoko alkateak Natividad Garcia, Jonen amarekin batera aurkeztu du ekimena gaur goizean . Jon Barakaldon bizi da eta mitokondrietako gaixotasuna sufritzen du. Bergara eta Natirekin batera egon da Amaia del Campo Barakaldoko EAJren zerrenda-burua, Ezkerralde-Meatzalde osoko EAJ osoaren ordezkaritzan.
Ezkerralde eta Meatzaldeko EAJren arduradunek "Natiren" bidez izan zuten ekimen honen berri . Nati gaurko gizarte sareetan oso era aktiboan parte hartzen duen pertsona da, eta urteak daramatza bere semearen moduko gaixotasuna sufritzen duten pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko lanetan.
Berarekin harremanetan hasi ondoren eta kanpaina solidario honen inguruko zehaztasun guztiak ezagututa, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko EAJk buru belarri parte hartzea erabaki du, eta ahal duen guztia egin. Ondorio modura, eskuko telefonoak biltzeko guneak jarri dira EAJk alkatetza duten udal tokietan. Era berean, halako biltokiak jarriko dira Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Batzoki guztietan.
Partekatu: