Eusko Jaurlaritzak eta Barakaldoko Udalak 3,5 milioi euro bideratuko dituzte kolektiborik zaurgarrienak lan-munduratzea helburu duten hiru enplegu-planetarako - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Eusko Jaurlaritzak eta Barakaldoko Udalak 3,5 milioi euro bideratuko dituzte kolektiborik zaurgarrienak lan-munduratzea helburu duten hiru enplegu-planetarako

Eusko Jaurlaritzak eta Barakaldoko Udalak 3,5 milioi euro bideratuko dituzte kolektiborik zaurgarrienak lan-munduratzea helburu duten hiru enplegu-planetarako

2019/11/04


2019-2020 aldian, Barakaldoko Udalak 315 lanposturen sorrera sustatuko du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako hiru enplegu-ekimenen bitartez. Hiru enplegu-ekimen horiek dira: Udal Enplegu Plana, langabezia-tasa handia duten Euskadiko eremu ahuletarako Talka Plana eta Gazteen Enplegurako Programa. Hiru enplegu-planen garapena Inguralde Barakaldoko Udalaren garapen-agentziaren bidez egingo dira, eta 3,5 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko da; Eusko Jaurlaritzak 3.126.952 milioi euro jarriko ditu eta Udalak 303.369 euro.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur aurkeztu dituzte, Barakaldoko Udaletxean, datorren urteko ekainera bitartean garatuko diren hiru enplegu-planak. Plan horien helburua izango da enplegu-galerak gehien kaltetutako kolektiboentzako enplegu-aukerak sustatzea eta tokiko ekonomia suspertzea, kontrataziorako zuzeneko laguntza handien bitartez. Ekitaldian parte hartu dute Borja Belandia Lanbideko zuzendariak, Juan Antonio Pizarro zinegotzia, eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak.

“Eusko Jaurlaritzaren eskutik, ahalegin handia egin dugu emakumeen, gazteen, luzaroko langabeen eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen enplegagarritasuna hobetzea helburu duten jardun hauen diseinuan”, azaldu du Amaia del Campo alkateak.

Beatriz Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “Barakaldon tokiko enplegu-planen sustapenerako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren -Lanbideren bidez- eta Udalaren arteko erakundearteko lankidetzaren ondorio dira. Udalerri eta eskualde honetan bereziki nabarmendu behar da, inbertsio-zifra horien ondoren, pertsona batzuk langabeziatik irteten direla eta, garrantzitsuena dena, betiere borondarea eta prestakuntza izanez gero, enplegu-munduak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko eta harremanetan jartzeko ilusioa dutela".

“Langabezia-tasa % 10etik behera jaistea Eusko Jaurlaritzaren eta herrialdearen beraren helbururik garrantzitsuena da, legealdi honetan. Nabarmena da euskal industriak, Europako guztiak bezala, eskarien merkatuak direla-eta une batzuetan moteldu egiten den nazioarteko egoeraren joan-etorrien mende daudela, eta horrek, batzuetan, gure enplegu-indizeetan du eragina. Garrantzitsuena da kalitateko enpleguak hazteko duen joera, bai eta guztion konpromisoa ere -erakundeak, gizartea, enpresak eta pertsonak-, etengabeko prestakuntza jasotzeko ekoizpen- eta merkataritza-prozesuen beharrizan berrietan”, esan du Beatriz Artolazabalek.


Aurtengo berritasun nagusia Talka Plana bat da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak langabezia-tasa handia duten eremuetara zuzenduko duen ezohiko deialdi baten barruan sartzen dena. Izan ere, langabezia-tasa handia duten eremuen artean daude Ezkerraldea eta Meatzaldea. Plan horri esker, zuzeneko 80 lanpostu eta zeharkako 102 lanpostu sortuko dira, tokiko enpresetara zuzendutako kontratazio-laguntzen bitartez. Lanbidek 1,6 milioi euro bideratu ditu plan horretara eta Udalak jarriko dituen beste 188.011 eurorekin osatuko da.

Zuzeneko kontratazioak lau eta sei hilabete artekoak izango dira eta baliagarriak izango dira enplegua sustatzeko 22 programa abian jartzeko. Programa horien onuradunek udalerrirako erabilera publikoko eta gizarte-intereseko jarduerak egingo dituzte.

Tokiko enplegu-plana

Talka Planak 122 pertsonaren kontratazioa aurreikusten duen Tokiko Enplegu Plana indartuko du. Guztira 92 pertsona hasiko dira zuzenean lanean Udalarentzat, gehienez sei hilabeteko aldi batez. Gainera, beste 30 pertsona kontratatzeko laguntzen deialdi bat ere egingo da. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.287.512,54 euroko diru-laguntza eman dio Barakaldori Plan horretarako, eta Udalak jarriko duen 29.585 euroko zenbatekoarekin osatuko da.

Zuzeneko kontratazioek, Talka Planak bezalaxe, lanbide-profil heterogeneoa duten pertsonei emango diete lana, jardun horren helburu diren kolektiboei enplegu-aukera bat eskaintzeko. 31 programatan parte hartuko dute, eta programa horietako askok jarraipena emango diete aurreko ekitaldietan egindakoei, nahiz eta zenbait berritasun ere badagoen, hala nola udal-merkatua dinamizatzeko programa eta Munoa finkaren edertze artistikorako programa. Bi plan horietan pertsonak abenduaren 31 baino lehen kontratatuta egon beharko dutenez gero, lanpostu horien kudeaketa abian dago jada.

Gazteentzako plana
Aurten Gazteen Enplegurako Plana ere jarriko da abian, plan hori zuzenduko zaie oinarrizko titulazioa, erdi-mailakoa edo goi-mailakoa duten 16 eta 30 urte arteko gazte langabeei. Plan horrek 11 lanpostu sortuko ditu Inguraldek zuzenean egingo dituen urtebeterako kontratazioen bitartez.

Lanbidek 239.515 euroko diru-laguntza bideratu du Gazteentzako Plan horretarako, eta Inguraldek jarritako 85.773 euroko zenbatekoari erantsiko zaio. Ekimen horrek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa du, 2014-2020 aldirako Gazteen Enplegurako Programa Operatiboaren barruan.

Barakaldoko Gazteen Enplegurako Planak hauen kontratazioa hartzen du aintzat: hirigintza-proiektuak eta eragiketa topografikoak garatzeko goi-mailako teknikari batena; GISeko (Informazio Geografikoko Sistemako) teknikari batena; DBH, Oinarrizko Lanbide Heziketa edo profesionaltasun-ziurtagiria duten 4 laguntzaileena; aholkulariena; eta ingeniari agronomo batena.

Pertsona horiek hiru proiektutan hartuko dute parte: ‘Digimaps’ proiektua, hiriko atarien eta lokalen inbentario digitalizatua egiteko; ‘Bkenpresa’ proiektua, enpresa txikien eta ertainen prospekzioa egiteko eta hobekuntza-diagnostikoak egiteko; eta, azkenik, udalerriko landa-ondarearen ebaluazio-programa. Programa horretan parte hartzeko interesa duten gazteek Inguralderen enplegu-zentrora jo dezakete informazioa jasotzeko.

Euskadiko TEPen laburpena
Tokiko enplegu-planek, aurten, Euskadin, guztira, 43.653.382 euroko inbertsioa eragin dute, Lanbideren eta udalen eta toki-erakundeen artean. Ekimen horri esker, 3.819 kontratu sortzen dira: 867 Gipuzkoan, 2.296 Bizkaian eta 656 Araban.

Lanbidek sustatutako enplegua sustatzeko tokiko ekintzen pertsona onuradunek betetzen dituzten eginkizunak, nagusiki, honako hauek dira: landa- eta hiri-inguruneak mantentzea, zerbitzu publikoak kudeatzea, udal-artxiboak, berdintasun-jarduketak eta genero-indarkeriaren aurkakoak, gazte eta hirugarren adinekoentzako laguntza, industria-arloko eta ETEetako eskualdeen beharren zehaztapena eta jarduera turistikoa sustatzea. Nabarmentzekoa da zenbait udalek Lanbiderekin batera prestakuntza-maila handiagoak dituzten gazteei enplegua bilatzen laguntzeko eginiko deialdiaren interesa.

 

 

 

 

Partekatu:
Twitter Facebook