Euskara-ikasleek diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte irailaren 27tik aurrera - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Euskara-ikasleek diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte irailaren 27tik aurrera

Euskara-ikasleek diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte irailaren 27tik aurrera

2017/09/13


Joan den ikasturtean, HABEk homologatutako edozein zentrotan euskara ikasi dutenek Barakaldoko Udalak ematen dituen diru-laguntzaren bat lortu dezakete. Diru-laguntzak eskatzeko epea irailaren 27tik urriaren 13ra egongo da zabalik.


Udalak 30.000 euroko diru-partida jarri du euskara ikastea bultzatu nahi duelako. Diru-laguntzaren bat jaso ahal izateko, besteak beste, nahitaezkoa da 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitartean ikastaroren bat eginda edukitzea; gutxienez % 70eko asistentzia izatea; Barakaldon erroldatuta egotea, eta 16 urtetik gorakoa izatea.


Diru-laguntzok eskatzeko asmoa dutenek Udalean jaso dezakete informazioa datorren astelehenetik aurrera, irailak 18, edo www.barakaldo.org eta euskera.barakaldo.eus webguneak kontsulta ditzakete.
2016an, Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak zabaldu egin zituen, inolako prestazio ekonomikorik jasotzen ez duten langabeak; merkatariak, ostalariak, aisialdiko eta jantokiko begiraleak eta kirol entrenatzaileak eta arbitroak ere sartu ahal izateko.


Gauzak horrela, ikastaroaren kostuaren % 60 itzuliko da diru-laguntza arrunta bada; eta % 80 jasoko dute B eta D ereduko edo ikasgai erdiak baino gehiago euskaraz dauzkaten umeen guraso edo tutore izanez gero, bai eta kirol entrenatzaileek eta arbitroek, Barakaldoko merkatariek eta ostalariek eta aisialdiko eta jantokietako begiraleek ere. Diru-sarrerarik gabeko edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten ikasleek Barakaldoko euskaltegietan ikasi badute, ikastaroan inbertitutako kopuru osoa jaso dezakete. Gehieneko kopurua, pertsonako eta urteko, 561 eurokoa da.


“Diru-laguntza hauen xedea euskara ikastea erraztea eta sustatzea da, gure herriko kaleetan euskara gero eta gehiago entzun ahal izateko. Hortaz, baldintza horiek betetzen dituzten pertsona guztiak animatu nahi ditugu diru-laguntzak eskatu, eta aurten ere, euskara ikasten jarrai dezaten” adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

 

Partekatu:
Twitter Facebook