Euskal eta galiziar kulturek berriro egingo dute bat Barakaldon, hiriaren bonbardaketaren 80. urteurrena kontuan hartuta - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Euskal eta galiziar kulturek berriro egingo dute bat Barakaldon, hiriaren bonbardaketaren 80. urteurrena kontuan hartuta

Euskal eta galiziar kulturek berriro egingo dute bat Barakaldon, hiriaren bonbardaketaren 80. urteurrena kontuan hartuta

2017/09/13


Euskal Herria-Galiza Kultur Festa berriro dator Barakaldora euskal eta galiziar kulturak bat eginik, eta aurten, hogeita hamar bat jarduera baino gehiago antolatuko dira kalean. Barakaldoko Udalak eta Arteagabeitia-Zuhatzu auzoko zenbait kolektibok abiarazi dituzte jardunaldiok, eta oraingoan, kontzertuak, dantzak, lehiaketa gastronomikoak eta azoka bi eskainiko dituzte: artisautza eta nekazaritza.


Jarduerak irailaren 26an abiaraziko dira eta aurten ere, iaz bezala, Zuhatzu-Arteagabeitia auzoan garatuko dira, Galiziatik etorritako bizilagun gehien dituen auzoa baita. “Jardunaldien bidez, gure kultura, gure ohitura desberdinak erakutsi, eta era dinamikoan eta parte hartzeko moduan ezagutarazi nahi dizkiegu herritarrei" azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok, jardunaldiak antolatzen dituzten kolektibo desberdinetako ordezkari Lourdes Duran eta David Lopezekin batera.


Aurten, Gerra Zibilean Barakaldok jasan zuen bonbardaketaren 80. urteurrena ere kontuan hartu da programazioan, eta Zuhatzu-Arteagabeitiako Elena Fernandezen `Gosea Asetzeko Zortzikoa´ ipuinaren aurkezpena egingo da. “Izan ere, urteurren hori dela eta, beren-beregi idatzitako ipuina da, eta laster argitaratuko du Bizkaiko Foru Aldundiak” azaldu du Del Campok.
Hiru hitzaldi ere egongo dira:‘Euskal Herrira emigratu zuten galiziarren historia; Prestige: 15. urteurrena. Ibilbide historikoa eta egungo egoera eta Inauteriak, Euskal Herrian eta Galizian.
Programaren barruan `herri kirolak´ ere izango ditugu, eta honako hauek dira aipagarriak: Iñaki Perurena eta bi emakume aizkolariak; Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariak eta Josinho Da Texeira eta Bieito Lobarinhas regueifeiroak (bertsolari galiziarrak). Euskal Herriko eta Galiziako umeen jolasak eta hainbat tailer ere antolatuko dira.


Artisautza-azoka eta nekazaritza-azoka egun desberdinetan egingo dira, irailaren 30ean (larunbata) eta urriaren 1ean (igandea), hurrenez hurren, eta horietako bakoitzean, Euskal Herriko eta Galiziako 21 eta 27 postuk parte hartuko dute.


PARTE HARTZEKO JARDUNALDIAK

Euskal Herria-Galiza Kultur Festa ekimena iaz sortu zen, eta antolaketan, Udalaz gain, Galiziako zentroak, Ibarreta auzo elkarteak, El trastero animazio taldeak eta Ibarretako Jai Batzordeak parte hartu zuten. “Gozamena da gaur aurkezten ditugun bezalako jarduerak izatea Barakaldon, maitasun handiz eta auzo oso baten laguntzaz antolatu baitira. Euskal eta galiziar jardunaldiak oso giro onean burutu ziren iaz, eta aurten ere, ziur nago berdin gertatuko dela; horregatik, herritarrak animatu nahi ditut Zuhatzu-Arteagabeitia auzora joan, eta programazio zabal honetan murgil daitezen" adierazi du alkateak.


Euskal Herria-Galiza Kultur Festa  ekimenak 9.500 euroko aurrekontua du, eta horietako 6.000 euro, Udalak emango ditu. “Aspalditik buruan erabili dugun jarduera da eta oso pozik gaude, bai Barakaldon, bai Galizian izan duen arrakastagatik, han ere, parte hartzeko mugitu egin baitira” adierazi dute auzoko ordezkariek.

 

Partekatu:
Twitter Facebook