Erromesentzako aterpea egokitu du Barakaldok Gorostitzako kiroldegian - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Erromesentzako aterpea egokitu du Barakaldok Gorostitzako kiroldegian

Erromesentzako aterpea egokitu du Barakaldok Gorostitzako kiroldegian

2017/01/13


Erromesentzako lehenengo aterpea izango du Barakaldok hemendik aurrera. 14 lagun hartuko ditu gehienez Barakaldoko Udalak Gorostitzako kiroldegian egokitutako lokalak. Bizkaiko Done Jakue Bidearen Lagunak Elkarteak kudeatuko du lokala, urte luzetan aritu baitira hirarako ekipamendu hori eskatzen.


Barakaldoko Zubileta Auzoan hasten da Done Jakue Bidea, Deabruaren zubian, hain zuzen ere. Zubia igaro, eta Urgozo auzoan barrena joanez, 1,2 kilometrora dagoen Agate Deunaren baselizarantz abiatzen da. Eta handik, Gurutzeta, Errekatxo-Gorostitza, Retuerto eta San Bizentera. “Historikoen ustez Done Jakue ibilbideak eduki beharreko guztiak – zubia, galtzada erromatarra eta eliza - dauzkan herri bakanetakoa da Barakaldo, eta, Kastrexana parean batzen dira, gainera, hiru elementuok” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok. “Guretik igarotzen den ibilbideak benetan merezi du, eta horregatik nahi dugu erromesak Barakaldora etortzea. Aterpeak erakarriko dituelakoan gaude” ziurtatu du.


Alde horretatik, 65 metro koadroko leku bat prestatu du Udalak Gorostitzako kiroldegian, sarrera propioa, 3 logela, areto komuna, 2 komun, ataria, sukaldea eta aterpeko zaindariarentzako aretoa dauzkana. 4.975,76 euroko inbertsioa egin du Udalak horretarako. “Aspaldidanik ari ziren Done Jakue Bidearen Lagunak elkarteko kideak ekipamendu eskean, eta orain oso pozik daude egitasmoa Barakaldon gauzatzen hasia dela ikusita” erantsi du Del Campok. “Hirian turismoa bultzatzen ahalegintzen gara ekimen honen bidez, Done Jakue bidean doazenak honantz ostatatzera erakarriz ekonomia jarduerari eragiten baitiogu” azpimarratu du.


14 ERROMESENTZAKO LEKUA BIRIKA BERDEAN


Elkarteak berak kudeatuko du zentroa, Bilbo eta Portugaletekoekin egiten duen moduan. “Ezkerraldeko bigarrena izango da hau, eta, horrenbestez, Barakaldo ez eze eskualde osoa indartzeko izango da” adierazi du Alkateak. Udalak egin ditu dagoeneko lokala egokitzeko egin beharrekoak, baina, orain erromesak hartzeko behar den material guztiaz (sukaldea, ohatzeak eta abar) hornitu beharra dago. Udaberri aldera abiarazteko itxaropena dugu "orduan hasten baitira erromesak ingurura biltzen".


14 lagun har ditzake gehienez lokalak. Hiriko gune naturalik ederrenetakoaz –Gorostitza eta Errekatxoko birika berdeaz - gozatu ahal izango dira erromesak. “Oso gune garrantzitsua da Barakaldo iparreko bidean, eta horregatik eskatu genuen aterpea” esan du Bizkaiko Done Jakue Bidearen Lagunen elkarteburu Agustín del Torok.


Iaz, elkartearen datuen arabera, 1.200 lagun inguruk igaro zuen gaua Bilboko aterpean, eta “urterik urtera haziz doa kopurua” esan du Del Torok. “Orain, erromesak gure hirira etor daitezen lortzean datza erronka” esanez bukatu du Del Campok.

 

Partekatu:
Twitter Facebook