Errekatxon egingo den gereziaren jaiari erromeriak emango dio amaiera - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Errekatxon egingo den gereziaren jaiari erromeriak emango dio amaiera

Errekatxon egingo den gereziaren jaiari erromeriak emango dio amaiera

2017/05/29


Barakaldoko Errekatxo auzoak urteko egunik bereziena biziko du asteburu honetan. Gereziaren Jaia ekainaren 3an ospatuko da berriro, eta aurtengo programazioan egunari amaiera emango dion erromeria bat sartu da.

Gereziondoak oso garrantzitsuak izan ziren Errekatxoko familia askoren bizibidean, nahiz eta inguru horretan nekazaritzan baino industrian jardun izan duten gehiago. Leku desberdinetatik etorritako sasoikako langileak arduratzen ziren hainbat herritako merkatuetara saltzera eramaten ziren gerezien bilketa lanaz.


Memoria historikoa berreskuratzea eta ez ahaztea da jaiaren helburua. Hasteko, goizeko 10:30ean nekazaritza eta artisautza azoka zabalduko da eta Udal Txistulari Bandaren kalejira ere izango dugu.


Katxete boloak, Udal Musika Bandaren kontzertua eta txikientzako puzgarriak egongo dira goizeko 11:00etatik aurrera. 12:00etan, `Barakaldoko Gerra Zibilari buruzko zertzeladak´ erakusketa inauguratu, eta umeentzako tailer bat ere egongo da.


Ordu erdi geroago, Gure Kirola pilota eskolak antolatutako bikotekako esku-pilota agerraldia hasiko da. 13:30ean, bertako dantza taldeak Burdin eta gereziondo artean ikuskizun berezia antolatu du. Goizaren amaieran, Gereziaren Jaiaren hirugarren Gozogintza Lehiaketa egongo da.


Bazkalostean, Errekatxon, zenbait herri kirol eta gerezi-hezur jaurtiketaren lehiaketa ere egingo da. 20:30ean, egunari amaiera emango dion erromeria izango dugu Jose Anaiak-en eskutik.


“Egun hau oso berezia da, batez ere Errekatxoko nagusientzat, oraindik gogoan baitute gerezien bilketan kantatzen ibiltzen zirela bildu ahal ez jateko” gogorarazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok. 2006. urtetik ospatzen den jaia da, Roke Deunaren Gereziak elkarteak proposatu baitzuen. Elkarteko bozeramaile Hegoa Maserasek gogorarazi duenez, gereziak auzoko leku askotan egoten ziren: “La Quebranta, Karraskal, Tiralday, Malacuesta, Masia, El Tope, Tellitu, Goikosolua, Treskilotsa, Monto edo Santa Lucía gereziondoz beterik zeuden”.


“Iraganeko nekazaritza garaia Errekatxoko sinbolo eta identitate ezaugarri bilakatu da, eta horregatik, herriko bizilagun guztiak animatu nahi ditugu larunbatean parte hartu eta gozatzera" esan du Canterok.


Herritarren joan-etorria errazteko, Udalak Kbusaren zerbitzu berezia jarri du Errekatxora. Autobusaren zerbitzua 10:00etan hasiko da eta ordu erdiro hartu ahal izango da amaierara arte, “beraz, auto pilaketak ekiditeko, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dugu” esan du amaitzeko Canterok.

 

Partekatu:
Twitter Facebook