Errege Magoek ohiko otzara eman diote Izan Romero Garcíari, Gabon egunean jaio zen lehenengo haur barakaldarra - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Errege Magoek ohiko otzara eman diote Izan Romero Garcíari, Gabon egunean jaio zen lehenengo haur barakaldarra

Errege Magoek ohiko otzara eman diote Izan Romero Garcíari, Gabon egunean jaio zen lehenengo haur barakaldarra

2022/01/05


Izan Romero García pasa den abenduaren 25eko 7:15ean iritsi zen mundura eta, jakin barik, Gabon egunean jaiotako lehenengo barakaldarra izan zen, eta hori ospatzeko, Barakaldon, urtero otzara bat eman ohi zaio jaioberriaren familiari. Gaur goizean, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Udaleko ordezkariak Karpa Magikora joan dira, eta bertan, Errege Magoek otzara eman diote Izanen familiari. Otzara hori Barakaldon desgaitasun fisikoa duten pertsonen taldeak, Codisfibak, mimo handiz egindako artisau-opariz beteta egon ohi da.

"Iaz, pandemiak ez zigun utzi ekitaldi hain berezi hau egiten, baina aurten, pertsona-talde murriztu batekin izan bada ere, gutxienez elkartu egin ahal izan gara eta Barakaldoko haur jaioberri honen etorrera ospatu ahal izan dugu", adierazi du alkateak. Codisfibako hainbat pertsonek otzara osatzen duten produktuak azaldu dituzte, Andreak eta Endikak, Izanen ama eta aitak eta bere anai Oierrek gozatzeko artisau-produktuekin osatua. "Ohitura hori ez litzateke posible izango Codisfibako pertsonek urtetik urtera egin ohi duten ahaleginik gabe, izan ere, ilusio eta maitasun handiz prestatzen dute otzara", eskertu du Del Campok.

Otzara eman ostean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Karpa Magikotik igaroko diren haurrak agurtzeko prestatuko dira. Haurrak 16:40ra arte igaroko dira, izan ere, ordu horretatik aurrera, erregeek alde egingo dute arratsaldeko desfilerako karrozak prestatzeko.

HIRU ALDIZ LUZEAGOA DEN DESFILEA ETA GOZOKIRIK GABE

18:30ean desfilea San Bizente Plazatik abiatuko da eta Gernikako arbola, Askatasunaren Etorbidea eta Antonio Miranda Etorbidea zeharkatuko ditu.

Desfileari ahalik eta segurtasun handiena emateko, Udalak familiei eskatu die saihestu ditzatela lekurik jendetsuenak eta bete ditzatela libreago dauden lekuak, jende-pilaketak ekiditeko. "Ibilbide oso zabala da eta hiru Errege Magoak ikusteko aukera egongo da, arazorik gabe", ziurtatu du alkateak.

Desfileak kontsumo baxuko led argiteria berria izango du, Gabonetako dekorazioaren berezkoa, eta bi kalejira argitsuk magia eta dinamismoa gehituko diote: lehenengoa, kalejira ikusgarria da, lau metroko altuera izango duten lau hartz polarrek eta bi adarbakarrek osatua, eta led argiekin argiztatuak. Bigarrena, kalejira ikusgarri eta dibertigarria da; armiarma, barraskilo eta zizare itxurako hiru puzgarri argiztaturekin osatua, txikienek gozatu dezaten.

300 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte gaur arratsaldean Ekialdeko Errege Magoek gure udalerriko erdiguneko kaleetan barrena egingo duten desfilean. Erregeekin batera, zuzi-eusleak, banderadunak, pajeak, musikariak eta sorpresa gehiago izango dira.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook