Bizkaiko Foru Aldundiak familia-harreraren inguruan egindako kanpainaren “sehaska hutsak” Ezkerraldera iritsi dira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Bizkaiko Foru Aldundiak familia-harreraren inguruan egindako kanpainaren “sehaska hutsak” Ezkerraldera iritsi dira

Bizkaiko Foru Aldundiak familia-harreraren inguruan egindako kanpainaren “sehaska hutsak” Ezkerraldera iritsi dira

2017/06/08


Bizkaiko Foru Aldundiak familia-harreraren inguruan egin duen “sehaska hutsak” kanpaina Ezkerraldera iritsi da, zehazki Barakaldo eta Santurtzira, eta Bizkaiko udalerri bietako biztanleei eman die harrera-etxea behar duten umeen larrialdi-egoeraren berri. Barakaldon kokatutako sehaskak Bide Onera plazan eta Herriko Plazan egon dira eta Santurtzin parke nagusiaren ondoan dagoen oinezkoen eremuan eta Gabriel Aresti kalean kokatu dira. Une oro sehaskak egon diren lekuetan izan dira baita ere Bizkaiko Foru Aldundiaren Umeen Zerbitzuko teknikariak, eta informazioa eman diote hala eskatu duenari.


Gizarte Ekintzako diputatuarekin, Isabel Sánchez Roblesekin, batera egon dira udalerri bietako alkateak, Barakaldoko Amaia del Campo eta Santurtziko Aintzane Urkijo hain zuzen ere. Foru diputatuak eta alkateek herritarrak animatu dituzte umeak babesteko neurri hain garrantzitsu honen informazioa jasotze aldera.


Orain arte 539 lagunek eskatu dute informazioa, eta horiek izan dira martxoaren hasieran Aldundiak “Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean?” mezuarekin martxan jarri zuen kanpainari buruzko informazioa eskatu dutenak.
Jasotako deien % 76 Bilbo Handia eskualdetik egin ziren, eta horietatik % 23 Ezkerraldeko bizilagunek egin zituzten.


Orain arte, urte honetan egin diren hitzaldi informatiboetara 174 lagun/familia joan dira eta horietariko 31k etxean ume bati abegi egiteko balorazio eta prestakuntza prozesua hasteko eskatu dute. Hurrengo hitzaldi informatiboa Barakaldon izango da hain zuzen ere hurrengo ekainaren 12an, udalerri horretako Los Hermanos parkean kokatuta dagoen Gizarte Integraziorako Zentroan, arratsaldeko seietatik aurrera.


Gaur egun Bizkaian 314 adingabe bizi dira abegi-familia batekin: 214 familia zabalean (aitona-amonekin eta osaba-izebekin, nagusiki) eta gainerakoak (ehun inguru), berriz, zuzenekoa ez den familia batekin. Gaur egun 450 ume daude abegi hartuko dituzten familia baten zain eta Foru Aldundiak lehenbailehen irtenbide bat bilatu nahi du. Bizkaiak etengabe behar ditu arrisku larrian eta babesgabezia egoeran dauden umeak abegi hartuko dituzten 35 familia gutxienez: 10 pertsona edo familia 3 urtetik beherako haurrak premiaz hartzeko eta beste 25 familia gehiago 3 eta 13 urte bitarteko adingabeen beste kasu batzuei erantzuteko beste bi harrera moten bidez: aldi baterakoa edo iraunkorra. Halaber, neba-arreben taldeak eta beharrizan bereziak dituzten adingabeak hartzeko prest dauden familiak ere bilatzen dira.


Abegi-familien sarean parte hartu nahi duten pertsonek balorazio eta prestaketa prozesu bat gauzatu behar dute. Hala, urteko 365 egunetan 24 orduz lan egiten duen Gizarte Ekintza Sailaren diziplina anitzeko talde baten laguntza integrala izango dute uneoro. 2016an, 24 familia berrik abiarazi zuten familia-harrerako prozesua Bizkaian, eta 18 familia-harrera berri formalizatu ziren.
 

Partekatu:
Twitter Facebook