Barakaldoko Udalak nerabezaroan ondoez emozionala hautemateko eta ekiditeko laguntza psikosozialeko zerbitzua abiarazi du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko Udalak nerabezaroan ondoez emozionala hautemateko eta ekiditeko laguntza psikosozialeko zerbitzua abiarazi du

Barakaldoko Udalak nerabezaroan ondoez emozionala hautemateko eta ekiditeko laguntza psikosozialeko zerbitzua abiarazi du

2022/02/15


Barakaldoko Udalak nerabezaroan ondoez emozionala hautematea eta ekiditea helburu duen laguntza psikosozialeko zerbitzua abiaraziko du otsailean. Zerbitzu hori parte hartzeko aurrekontuetan gehien bozkatutako proposamenetako batetik jaio zen. Aurrekontuak Covidak hainbat alorretan izan dituen ondorioak arintzeko sustatu ziren, kasu honetan, zehazki, gazteriaren alorrean.

Zerbitzua hamabi eta hamazortzi urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta Topalekuetan (gazteen aisialdirako gunea) emango da. Bertan, psikologian aditu batek nerabeei laguntza emango die beren ondoez emozionalaren aurrean nola aritu behar diren jakiteko eta tresnak emango dizkie beren osasuna hobetzeko. "Pandemiak egoera zailak eragin ditu gazteentzako, senideak eta lagunak ikusteari utzi diote, jarduera soziala murriztu zaie... Horrek gazteen egoera emozionalari erreparatzeko beharra ohartarazi digu, azken hilabeteetan gazteek beraiek eskatu diguten zerbait izan da" azaldu du Jonathan Martin gazteria saileko zinegotziak.

Proiektuaren barruan, sentsibilizazio eta prestakuntza jardunaldiak egongo dira, bai nerabeei bai beren senideei eta hezitzaileei zuzenduta. Helburua osasun mentalaren zaintzaren eta prebentzioaren beharra azpimarratzea da, izan ere, oso garrantzitsuak dira Covidaren pandemiaren ondorioak jasan dituen talde horrentzako.

Neurri hori ez da gazteria zerbitzuak ildo horretan hartzen duen lehenengo neurria. Parte hartzeko aurrekontuen azken proiektuan herritarrek egindako proposamena kontuan izanda, azken hilabeteetan baliabide batzuk abiarazi dira, eta horien helburua honako hau da: gazteen osasun emozionala hautemateko, prebenitzeko eta arreta emateko baliabideak indartzea.

Urritik abendura, ARTELAKE programan aisialdi eta arte jarduerak antolatu dira talde horrek osasun emozionalerako onuragarriak diren erritmo eta ohitura osasungarriei berriz ekitea ahalbidetzeko.

Bestalde, Gazte Bulegoan (gazteentzako informazio eta laguntza zerbitzua) martxan jarri da psikologia aholkularitza zerbitzua Barakaldoko hamazortzi eta hogeita hamabost urte bitarteko gazteentzat. Zerbitzuaren helburua adin tarte horretan dauden gazteei banakako aurretiazko laguntza psikologikoko zerbitzua eskaintzea da. Zerbitzu horretan psikologian aditu batek ematen du arreta, eta lehen kontaktuaren bidez, gazteei zerbitzua eskaintzen die, autozainketarako tresnak ematen dizkie eta, beharrezkoa izanez gero, dagokien osasun zerbitzura bideratzen ditu, behar duten arreta eman diezaieten.

`EMOZIO JARDUNALDIAK': FRUSTRAZIOA NOLA KUDEATU

Kalkulatu da mundu osoko nerabeen % 20 inguruk dituela osasun edo jokabide arazoak askotariko estres egoerengatik, autozainketa eskasagatik edo egoeraren araberako faktoreengatik. "Urtero, Barakaldoko Udaleko Giltzarri taldean Emozio jardunaldiak antolatzen ditugu, eta bertan lantzen ditugu gure nerabeen heziketa eta osasun emozionalaren alderdiak (hala nola autoestimua, emozioen kontrola, afektibitatea edo arriskuen kudeaketa). Jardunaldien 16. edizioa egin genuen, eta gaia, ohi bezala, Giltzarri Plataformako gazteek aukeratu zuten Giltzarriko Kontseiluan egindako galdetegi baten bidez. Galdetegi hori nerabeen artean banatu zen sare sozialen eta jarduera taldeen bitartez. Galdetegi hori ehun nerabek baino gehiagok erantzun zuten eta aukeratutako gaien artean, frustrazioaren kudeaketa izan da bozkatuena. Kontseiluko gazteen kezka azaldu zuten ez dakitelako zelan kudeatu frustrazioa beren bizitzetan eta nola kudeatu frustrazio horrek eragiten dizkieten egoerak. "Jardunaldien bidez gazteek ohitura txarrak zuzentzeko gaitasunak eskuratu nahi zituzten egoera jakinei hobeto aurre egiteko" gaineratu du zinegotziak.

Giltzarriko gazteek honako adibide hau eman digute: "Gutako askok ez ditugu beti betetzen gure buruari ezartzen dizkiogun helburuak, edota besteek ezartzen dizkigutenak. Adibidez, azterketa batean ez duzunean nahi zenuen nota lortzen, zugandik gehiago espero zutela esaten dizutenean, saiatu arren zerbait lortzen ez duzunean, kirolean, gustuko duzun pertsonarekin, etab. Orduan, ezinean sentitzen gara, eta helburuak ez betetzeagatik frustrazioa sentitzen dugu."

Aurrekoetan bezala, jardunaldiek bi saio izango dituzte. Alde batetik, gazteei zuzendutako saioa egongo da, eta bestetik, senideei eta beste hezkuntza eragile batzuei zuzendutakoa.

Hamabi eta hamazortzi urte bitarteko gazteei zuzendutako topaketa. Bi egun daude aukeran
Otsailak 24, 17:30ean. Lekua: Barakaldoko Topalekua
Martxoak 2, 17:30ean. Lekua: Gurutzetako Topalekua
Gurasoentzako eta hezitzaileentzako topaketa.
Martxoak 4, 18:00etan. Lekua: Clara Campoamor zentro zibikoan.
Zerbitzua doakoa da eta bertaratzeko aldez aurretik eman behar da izena, telefonoz, 944 78 95 97 (goizez) eta 944 78 96 41 (arratsaldez), edota aurrez aurre, Topalekuetan 17.00etatik 20.00etara, astelehenetik ostiralera. Izen emateko epea gaurtik otsailaren 22ra arte izango da.

Gai horri lotuta edozein zalantza argitu nahi baduzue, galderak aldez aurretik helarazi ahal dizkiguzue eta arduradunei jakinaraziko dizkiegu.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook