Barakaldok lehen aldiz izango du bere kilometro propioa aurtengo Korrikan. Udalak, lehen aldiz, euskararen aldeko mugimendu honek hiria zeharkatzen egiten dituen kilometroetako bat hartuko du. “Babesa adierazi nahi diogu euskarari, bai eta gure konpromiso sendoa ere Barakaldoko kaleetan gero eta euskara gehiago entzun dadin” adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok, Iker Sagastibeltza eta Ana Castro Ezkerraldeko Korrikaren antolatzaileekin batera azaldu denean.
Korrika apirilaren 6an izango dugu Barakaldon. Arazoa da ez dela oso ordu onean helduko, zeren eta Erandiotik datorren lasterketa goizaldeko 5:00etan iritsiko baita Urbanera. “Aurten, korrikan parte nahi duten barakaldar askok ezin izango dute egin goizegi delako. Baina udalekook goizean goiz jaikiko gara euskararen alde egin, eta garaiz iristeko lekukoa hartzera” azpimarratu du Canterok.
Herritarrek euskararekiko konpromisoa agerian jartzeko aukera izan dezaten, Udalak txikientzako jarduera ugari izango dituen jai egun bat antolatuko du. Hortaz, Korrika heldu aurreko egunean, hau da, apirilaren 5ean, hiriko ikastetxe guztiek parte har dezaketen Korrika Txikia egingo da.
Ekimena goizeko 10:00etan abiaraziko da eta zenbait gune eta kale (Bide Onera, Herriko Plaza, Pormetxeta, San Juan eta Aldapa) zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Herriko Plazara. Goiz erdian pailazoen ikuskizuna egongo da.
Jai egunari amaiera emateko, arratsaldean puzgarriak eta tailerrak egongo dira Herriko Plazan. Horretaz gain, Zirkorrika ikuskizunaz ere gozatzeko aukera izango dugu, musikariak eta zirkuko ikuskizunak egongo dira, bai eta berbena ere.
“Programazio honen bidez, alde batetik, Korrikaren mugimendua parte-hartzaile bilakatu eta nabarmendu nahi dugu, eta bestetik, motorrak martxan jarri nahi ditugu herritarrak goizen goiz jaiki daitezen” adierazi du Canterok.
KILOMETRO BAT EUSKARA AGERIRA EKARTZEKO
Aurten, Korrikaren 20. edizio hau Otxandion abiaraziko da martxoaren 30ean. Barakaldora zazpi egun geroago helduko zaigu. “Zeinek ez daki zer den Korrika eta zeren alde egiten den? Aukera ezin hobea da Barakaldon euskararekin identifika gaitezen” azpimarratu du Canterok. “Egia da Barakaldon oraindik gaztelania dela nagusi, horregatik hain zuzen, Udalak bat egin behar du gure kaleetan euskara agerian jarriko duten ekimenekin, bai eta euskararen normalizazioa lortzeko indarrak batzen lagunduko digutenekin ere” esan du.
Udalak Korrikari 600 euroko ekarpena egingo dio. “Barakaldar guztiak animatu nahi ditugu, apirilaren 6an iratzargailua jarri eta kalera joan daitezen Korrika ikustera eta parte hartzera. Egunari hasiera emateko plan berezia dugu” esan du amaitzeko.
Partekatu: