Barakaldoko Osoko Bilkurak 30.000 euroko larrialdi-laguntza bat onetsi du Ukrainiako herritarren beharrizanak artatzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko Osoko Bilkurak 30.000 euroko larrialdi-laguntza bat onetsi du Ukrainiako herritarren beharrizanak artatzeko

Barakaldoko Osoko Bilkurak 30.000 euroko larrialdi-laguntza bat onetsi du Ukrainiako herritarren beharrizanak artatzeko

2022/03/09


Gaur arratsaldean egin den ezohiko eta premiazko saioan, Barakaldoko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du 30.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea Ukrainako herritarren beharrizanak estaltzeko. "Arrazoi humanitarioengatik emango den salbuespeneko dirulaguntza" bat da, eta Ukraina-Euskadi gizarte eta kultura arloko eta garapenerako lankidetzako elkarteak jasoko du.

Alkatetza eta Gizarte Kohesiorako Arloek batera egindako lanari esker sortu da ekimen hau, Ukraina-Euskadi elkartearekin hainbat kontaktu izan ondoren; izan ere, gerra hasi zenetik, elkarte horrekin lankidetzan aritzeko prest agertu da udala. Nuria Rodríguez Gizarte Kohesiorako zinegotziaren ustez, "Gutxieneko sentikortasun humanitarioa duen edonork ezin du beste alde batera begiratu Ukrainak bizi duen giza-dramaren aurrean". Vladimir Putinen Errusiako armada biztanleria zibila sarraskitzen ari da, baita nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko arau guztiak urratzen ere. Barakaldo beti izan da hiri solidarioa eta integratzailea, eta gaur onetsi dugun dirulaguntzak horixe bera islatzen du.

Azken egunotan ukrainarrentzako arropa, janaria, sendagaiak edo higiene-produktuak biltzeko Barakaldon sortu diren ekimen ugariak eskertu ditu Nuria Rodriguezek. Elkartasun-olde horrek erabat gainditu ditu arlo horretan aritzen diren GKEak.

Rodriguezek azaldu duenez, "Arlo horretan lan egiten duten elkarteek, hala nola Ukraina-Euskadik edo Txernobyl Elkarteak, adierazi digute gaur egun honako hau dutela laguntzarik baliagarriena: tokian bertan gerratik ihesi dabiltzan pertsonekin lanean ari diren erakundeei edo GGKEei dohaintza ekonomiko bat egitea.

ATERPETXEA LAGAKO DA FAMILIA ERREFUXIATUAK HARTZEKO

Alkatetza eta Gobernu Irekiko zinegotziak, Gorka Zubiaurrek, nabarmendu du "ukrainarren egoera oso larria dela eta guztion laguntza behar dutela". "Nik esango nuke, Barakaldoko herritarrak oso kezkatuta daudela gertatzen ari denarekin, eta Ukrainako herriarekiko elkartasun-adierazpenak masiboak dira. Horregatik, uste dugu udalak, herritarren ordezkari nagusia den aldetik, elkartasuna adierazi behar duela eta Ukrainako gerraren ondorioak arintzeko laguntza eman behar duela", esan du zinegotziak. "Barakaldarrek zainetan daramate elkartasuna".

Gainera, goizeko Bozeramaileen Batzordean iragarri den bezala, Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko du Gorostizako aterpetxea, errefuxiatuen familiek erabili ahal izateko. "Ildo horretatik, eskerrak eman nahi dizkiot Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteari, haiek ere elkartasuna agertu baitute, instalazioak behar den denboran erabiltzeko aukera emanez. Hunkigarria da gure hirian hain bizilagun solidarioak ditugula ikustea", esan du amaitzeko.

GERRAREN AURKAKO ADIERAZPENAK

Gogorarazi behar da Ukrainaren inbasioa hasi eta biharamunean Gizarte Kohesioko zinegotziak premiazko Informazio Batzorde bat deitu zuela, talde politiko guztien artean gaitzespen-adierazpen instituzional bat onesteko eta elkarretaratze bat deitzeko, otsailaren 28an, astelehenean, Bizikidetza Plazan egin genuena. Gaur eguerdian beste protesta bat egin da, Eudelen ekimenez, Herriko Plazan.

Horrela, Barakaldok atsekabea agertu du Ukrainako gerran galdu diren bizitzengatik, eta bere babesa berretsi dio ukrainar herriari, baita Ukrainiaren lurralde osotasunaren eta burujabetzaren aldeko konpromisoa, elkartasuna eta babesa agertu ere.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook