Barakaldoko liburutegiek badute liburu digitalen mailegu-zerbitzua - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko liburutegiek badute liburu digitalen mailegu-zerbitzua

Barakaldoko liburutegiek badute liburu digitalen mailegu-zerbitzua

2018/03/15


Barakaldoko liburutegiek erabiltzaile berriak erakartzeko modua lantzen dihardute, eta horrela, azken hilabeteotan, zenbait ekimen berri jarri dituzte martxan. Oraingoan, jarduerak liburu tradizionala baztertu, eta formatu digitalaren alde egiten du, ebook mailegua eskainiz.
Ekimenarekin bat egin duten liburutegiek (Arteagabeitia, Gurutzeta, San Bizente eta Liburutegi Nagusia) bi gailu jarri dituzte erabiltzaileen eskura. Horrela, nahi duenak 30 egunez izan dezake maileguan hartutako liburu digitala, “baina itzultzeko konpromisoa sinatu beharko du” azaldu du Kultura, Hezkuntza, euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Erabiltzaileek liburu elektronikoa duten bitartean, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua den e-Liburutegia plataformara sartu, eta liburu digitalen azken nobedadeak deskarga ditzakete. “Oso zerbitzu erosoa da, zure eskura duzulako tituluen katalogo zabala” adierazi du Canterok, eta bide batez, Barakaldoko liburutegietako txartela dutenek udal liburutegietan ere eska dezaketela gogorarazi du.


Oraintsu abiarazi den ekimen honek formatu digitalera pasatu diren irakurzaleak erakartzea du xede. “Ohituta gaude maileguetan paperezko liburuak ematen, baina ebooka nahiago dutenek oso aukera ona dute doako tituluak lortzeko” azaldu du Nereak.


“Gizartean sortzen ari diren beharretara, joeretara eta kontsumoetara egokitu behar ditugu udal zerbitzuak, eta beharrezko aldaketen barruan, liburu digitalen mailegua dugu” zehaztu du. “Ekimena arrakastatsua bada, begiratuko dugu beste liburutegietan ere jartzerik daukagun zerbitzua” adierazi du.


LOGO ETA WEB ORRI BERRIAK


Liburutegiak berritzeko eta modernizatzeko prozesuak logoaren diseinua berria eta web orri berria martxan jartzea ere kontuan hartu ditu, “erabiltzaileentzat argiagoa eta intuitiboagoa izan dadin web orria” adierazi du Canterok. “Digitalaren garaian bizi gara, beraz, egokitu beharra daukagu eta gure ordutegiak, liburuen katalogoak, helbidea, arretarako telefonoa, etab. eskatzen digutenei ahalik eta informazio gehien eman behar diegu. Hori guztia kontuan hartuta, beharrezkotzat jo dugu Sistemetako udal arloari eskatzea betekizun horiek beteko dituen weba diseinatzea, eta orain, horretan ari dira” zehaztu du zinegotziak.
Azken hilabeteotan, Barakaldoko udal liburutegien sareak zenbait ekimen burutu izan ditu, hala nola Motxila Ibiltaria. Oraindik abian den ekimen horrek gai bati buruzko dozena erdi bat liburu dituen motxila etxera eramateko aukera eskaintzen du familiartean irakurtzeko; gainera, Barakaldo Futbol Klubaren baloiak ere zozketatu dira abenduan maileguak hartu dituzten umeen artean, azken jarduera hau Lasesarreko futbol-zelaian egin zen baloiak banatuz.

Partekatu:
Twitter Facebook