Barakaldoko lan-orientaziorako zerbitzuak 844 pertsona artatu ditu aurtengo urtean - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko lan-orientaziorako zerbitzuak 844 pertsona artatu ditu aurtengo urtean

Barakaldoko lan-orientaziorako zerbitzuak 844 pertsona artatu ditu aurtengo urtean

2017/09/21


2017ko lehen seihilekoan, Inguralde-Barakaldoko Udaleko garapen agentziako lan-orientaziorako zerbitzuak 844 lagun artatu ditu, eta gehienak gizonezkoak izan dira (499 gizon eta 345 emakume). “Gehienak aurretiazko lan-esperientzia duten gizonezkoak dira, eta inoren kontura lan egin ahal izateko, laguntza profesionalaren bila doaz zerbitzura” azaldu du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.


Aurtengo datu hauek 2016ko garai bereko datuekin alderatuz gero, zertxobait jaitsi direla (44 lagun gutxiago) ikus dezakegu, eta barakaldar gutxiago dagoela langabezian da horren arrazoi nagusia. Udan 155 langabe gutxiago egon da Barakaldon. Hilabeterik onena ekaina izan zen, 202 langabe gutxiago egon baitzen Lanbiden izena emanda, eta txarrena, abuztua, 77 langabe gehiagorekin, dena den, EAE osoan eman da goranzko joera hori.
Inguraldek lan-orientazio zerbitzua doan ematen die lan-bila dabiltzan barakaldarrei. Orientatzaile talde batek ematen du arreta zerbitzua eta enplegagarritasuna hobetzeko arreta pertsonalizatua, bai eta lana bilatzeko bideak ere eskaintzen ditu.


Orientazio bila etorri direnak 25 urtetik 54ra bitartekoak izan dira batez ere, eta titulazioari dagokionez, eskola graduatu tituludunak, DBHko graduatu tituludunak edo titulazio zehatzik gabeak.
Zerbitzuan artatu dituztenen artetik, 612 lagunek enplegagarritasuna baloratzeko eta laneratze-ibilbidea diseinatzeko banakako aholkularitza behar izan dute, eta beti izan dute orientatzaile taldearen aholkularitza eta jarraipena.


Halaber, trebetasun eta eduki orokorrak lantzeko talde-ekintzak ere garatu dira, hala nola elkarrizketak eta hautaketa-probak, curriculum profesionala egokitzeko laguntza, eskaintzen informazioa, etab.


AUTOBILAKETARAKO GUNEA


Enplegu zerbitzuak bilaketa autonomoa bultzatzeko ordenagailuak banaka erabiltzeko gune bat ere eskaintzen du, eta aurten, dagoeneko 370 lagunek erabili dute. Aurretik ordua erreserbatuta, herritarrek Enplegu zentroko langileen laguntzaz erabil ditzakete ordenagailuak, bai lan-merkatuari buruzko informazioa kontsultatzeko, bai eskaintzak eta enpresen helbideak aurkitu eta izena emateko, bai prestakuntza eskaintzaren inguruan egunean jartzeko.

 

Partekatu:
Twitter Facebook