Barakaldoko hiri udalekuetan ingelesezko jarduerak egingo dira lehen aldiz - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko hiri udalekuetan ingelesezko jarduerak egingo dira lehen aldiz

Barakaldoko hiri udalekuetan ingelesezko jarduerak egingo dira lehen aldiz

2018/04/10


Barakaldoko Udalak berriro abiarazi ditu udalekuak, eta aurten, plaza kopuru handiagoa eskainiko du, 700 hain zuzen. Udalekuetako parte-hartzaileek uztailean ingelesezko jarduerak ere izango dituzte.


Udalekuetan izena emateko epea datorren astelehenean, apirilak 16, zabalduko da. Ekimena uztailean burutuko da eta txanda bi egongo dira, uztailaren lehen hamabostaldian, eta bigarrenean. Lehenengo txandan 420 plaza eskainiko dira Juan Ramón Jiménez, Ibaibe, Arteagabeitia eta Alkartu ikastetxeetan banaturik. Bigarren txandan iaz baino 100 plaza gehiago eskainiko dira; beraz, 280 umerentzako lekua egongo da. Bigarren txandakoak Juan Ramón Jiménez, Alkartu eta Arteagabeitia ikastetxeetan banaturik egongo dira.


“Alkatetzara iritsi garenetik udalekuetan eskaintzen den plaza kopurua pixkanaka handitzen ahalegindu gara, urtero, gero eta barakaldar gehiagok izan dezan ekimen horretan parte hartzeko aukera” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.


Horrela bada, Barakaldoko Udalak antolatzen dituen hiri koloniek 500 plaza gehiago eskaini dute 2015etik hona, eta urtean hiru alditan egiten dira: Aste Santuan, udan eta Gabonetan. Urte horietan egindako hobekuntzen artean, duela urtebete lehen aldiz eskaini zen jantoki zerbitzua da aipagarria.


JANTOKIA, HAUTAZKOA


Udalekuak dira ingelesezko jarduerak eskainiko dituzten lehen koloniak. “Udalekuetako komunikazio-hizkuntza euskara izango da, baina ingelesa ere sartuko da jardueraren batean, ingelesaren erabilera sustatu eta ikasturtean zehar ikasitakoa modu dibertigarri eta atseginean finkatu ahal izateko" esan du Canterok.


Horretarako, udalekuetako jardueren % 25 ingelesez egingo da. Joan den urtean, jantoki zerbitzua udalekuetan eskaini zen lehen aldiz; oraingoan, hautazkoa izango da zerbitzu hori, Aste Santuko kolonietan bezala.


Udalekuen prezioa 11,20 eurotik 146 eurora artekoa izango da, jantokia barne; eta 11,20 eurotik 105,90 eurora artekoa, jantoki-zerbitzurik gabe. “Familiek hilero dituzten diru-sarreren arabera ezarriko dira tasak” gogorarazi du Canterok.


Udalekuetako sarrera-ordutegia 8:30etik 9:00etara artekoa izango da, eta irteerakoa desberdina izango da, jantoki-zerbitzua hautatu den ala ez kontuan hartuta. Udalekuetan bazkaltzen ez dutenen irteera-ordutegia 14:00etatik 14:30era bitartekoa izango da. Udalekuetan bazkaltzen dutenena berriz, 15:00etatik 15:30era bitartekoa izango da.


Interesatutako familiek apirilaren 27ra arte eman dezakete izena Barakaldoko kultur etxeetan, Gaztebulegoan edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan -HAZ-. Tokiak zozketa bidez esleituko dira maiatzaren 4an. Onartutakoen zerrenda udal web-orrian argitaratuko da (www.barakaldo.org), onartutako txanda zein den (biak aukeratu badira) eta udalekuak zein ikastetxetan egingo diren zehaztuz.
Halaber, familiei udalekuen dinamikaz hitz egiteko, bi informazio-bilera egingo dira ekainaren 21ean, Clara Campoamor zentroan 18:30ean, eta Gurutzetako Zentro Zibikoan, 19:30ean.

Partekatu:
Twitter Facebook