Barakaldoko herritarrek hileta zibilak egin ahalko dituzte hemendik aurrera - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko herritarrek hileta zibilak egin ahalko dituzte hemendik aurrera

Barakaldoko herritarrek hileta zibilak egin ahalko dituzte hemendik aurrera

2017/07/28


Barakaldoko Udalbatzak hileta zibilak arautzeko ordenantza onartu zuen atzo. EH Bilduk proposatu zuen araudia, eta, hari esker, Barakaldoko herritarrek ospakizun ez-erlijiosoak egin ahalko dituzte beren hildakoei agur esateko.

Araudia oposizioko alderdiekin adostu da; ohi bezala, hamabost egun izan dituzte gobernu-taldeak aurkeztutako zirriborroa aztertzeko, eta, gero, proposamenak egin dituzte zirriborro horri gehitzeko.


Barakaldoko hileta zibilak ezin izango dira egin hildakoaren gorpua bertan dela, baina onartuko da errauts- edo anfora-kutxak erabiltzea.


Eskaerak ekitaldia baino 24 ordu lehenago egin ahalko dira; horretarako, Udalak emandako dokumentu bat bete beharko da, edo, Gorka Zubiaurre Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotziak azaldu duen bezala, «eskaerak online egin ahal izango dira eguneko eta gaueko edozein ordutan, udal-webgunean prestatuko dugun atal berezi batean».
Udala arduratuko da ospakizun bakoitzean behar diren elementuak erabiltzaileen esku jartzeaz: altzariak, soinuzko materiala, ikus-entzunezkoa… Udal-zerbitzu hau Barakaldon jaio eta erroldatutako pertsona guztiek erabili ahalko dute, baita bizitzan zehar udalerriarekin lotura estua (pertsonala, profesionala, soziala…) izan dutenek ere.


Gerora erabakiko da zer udal-espaziotan egingo diren omenaldiak: udal-hilerrian, Integrazio Sozialerako Zentroan, Lasesarre kiroldegian, eta Clara Campoamor eta Gurutzeta kultura-etxeetan. Prezioak Tasen eta Espazio Publikoen hurrengo ordenantzan erabakiko dira.


Zubiaurrek honela amaitu du agerraldia: “Eskerrak eman nahi dizkiegu ordenantza aurrera eramateko ekarpenak egiteagatik eta Barakaldoko herritarrei zerbitzu berri bat ematen laguntzeagatik”.

 

Partekatu:
Twitter Facebook