Barakaldoko Haurren XVII. Merkatu Txiki Solidarioak bildutako diru-kopurua haurren minbiziari buruzko ikerketarako izango da - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko Haurren XVII. Merkatu Txiki Solidarioak bildutako diru-kopurua haurren minbiziari buruzko ikerketarako izango da

Barakaldoko Haurren XVII. Merkatu Txiki Solidarioak bildutako diru-kopurua haurren minbiziari buruzko ikerketarako izango da

2017/11/03


 Zure elkartasunak indartsuago egiten gaitu. Hori da Barakaldoko Haurren XVII. Merkatu Txiki Solidariorako aukeratutako goiburua. Aurten, haurren minbiziari buruzko ikerketan, sozializazioan eta humanizazioan eta hezur-muina emateari buruz diharduten gurasoek osatzen duten La Cuadri del Hospi erakundeari emango zaio biltzen diru-kopuru osoa.

Haurren minbiziari buruzko ikerketa egiteko (tratamenduak, transplanteak...) eta ume horiek ospitalean ematen duten denbora hobetzeko erabiliko da aurten, abenduaren 16an, bigarren eskuko jostailuak saltzeko antolatuko den merkatu txikian bilduko den diru guztia.


Egun horretan, lehen hezkuntzako ikasleen lankidetza eskuzabala beharrezkoa da jostailuak saltzeko, eta oso pozik egiten dutela esan behar da, iaz esaterako, 550 ikaslek jardun zuten ekimenean. “Aurten, kopuru hori lortzea edo gainditzea espero dugu" azpimarratu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok La Cuadri del Hospi erakundeko kideekin batera.


Ekimen solidario horretan Barakaldoko Lehen Hezkuntzako 20 ikastetxeetako Ikasleen Guraso Elkarteek ere parte hartu dute. Aipatu elkarteen ardura da bigarren eskuko jostailuak biltzea, ondo dauden begiratzea, tasatzea, bai eta paketeak egitea ere, ondoren merkatu txikian salgai jarri ahal izateko. Bilbao Bizkaia Kutxak ere lagunduko du salmenta-postuak utziz.


HEZKUNTZA ALDERDIA
Merkatu Txiki Solidarioaren programak ardatz bi ditu, bata hezkuntza, eta bestea, solidarioa. Aurten, La Cuadri del Hospi erakundeak lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak sentsibilizatuko ditu, eta horretarako, zer den minbizia eta erakundeak nolako lana egiten duten ospitaletan azalduko die, bai eta nolako garrantzia duen ere minbizia duten umeek eguneroko normaltasunean jarraitzeak. Eskola-orduetan jardungo dute eta 82 saio emango dituzte.


“Askotan, helduok uste dugu oso gai larria bada, umeek ezin dutela ulertu, haurren minbizia esaterako. Baina, uste dut harrituta geratuko garela horrelako egoeren aurrean duten normaltasuna eta adierazten duten enpatia ikustean” ziurtatu du Amaia del Campo alkateak. “La Cuadri del Hospi erakundea ezagutu genuenetik beraiekin elkarlanean aritzeko gogoa izan dugu. Tradizio handiko Merkatu Txiki Solidario hau oso aukera ona izango da erakundeak egiten duen lana ezagutarazteko, bai eta Barakaldon, nork bere harri-koskorra ekartzeko ere, gaixotasun horri buruzko ikerketan jarraitu ahal izateko, Gurutzetako ospitalearen bidez, oso hurbil daukagu eta” adierazi du.


Merkatu Txiki Solidarioa oso bitxia da, beharrizana dutenei laguntzea xede duten ikastetxeen, elkarteen eta Udalaren lana biltzea lortzen baitu, gainera, ikasleak ere inplikatuz. “Kontuan hartu behar dugu umeak hasiera-hasieratik inplikatzen direla, etxean dauzkaten jostailuak bildu eta beste ume batzuen bizimodua hobetzeko ematen dituztelako” azaldu du alkateak.


Barakaldarrek beti erantzun die oso ondo ekimen horri. Iaz, 30.714,67 euro bildu ziren. “Aurten, oso pozik gaude, Merkatu Txikiaren helburua kontuan hartuta, herritar asko eta asko etorriko direla ziur baikaude abenduaren 16an, Herriko Plazan egingo den merkatu txikira” esan du amaitzeko Del Campok.

 

Partekatu:
Twitter Facebook