Hasi berria da 2022, joan den abenduaren 21ean Europako Kontseiluak eta Parlamentuak Gazteriaren Europako Urtea izendatu zuten urtea alegia. Horri erantzute aldera, Barakaldoko Udalak gazteei zuzendutako ekintzak eguneratu nahi ditu, eta, horretarako, kolektiboa lehen pertsonan entzun eta inplikatu nahi du. Horretarako, datorren otsailean GazteOn jarriko da abian. Zerbitzu hori gazteen eta Udalaren arteko elkarrizketari hasiera emango dion prozesu parte-hartzailea da, gazteen beharrei erantzuteko helburuarekin.
"Barakaldon oso kontuan hartzen ditugu gazteak udal politikan. Jonathan Martín Gazteria zinegotziak azaldu duenez, bai Giltzarriren eta bai Gazte Bulegoaren zerbitzuetan gazteak erdigunean jartzen ditugu, protagonista bilakaraziz eta euren jardueren programazioa beraien esku utziz. Azken urte hauek hagitz zailak izan dira denontzat koronabirusa dela eta. Pandemiaren ondorioz, ziurgabetasun handia izan dugu lanean, etxebizitzan edo ekonomian. Gazteentzat une bereziki zaila izaten ari da, batez ere 18 eta 30 urte bitartekoen arteko gazteentzat, haien bizitzetan premia berriak sortu baitira. Bertatik bertara ezagutu nahi ditugu, eta, udaleko arduradun gisa, bertan egon, haiei laguntzeko», adierazi du Martinek.
GazteOn partaidetza-prozesu berriak gazteen ikuspegitik berrikusi eta aztertu nahi ditu udal politikak. Prozesu horren barruan, Gazte Bulegoak, hau da, Barakaldoko gazteei informazioa eta laguntza emateko bulegoak, hainbat elkarrizketa-saio deituko ditu otsailetik martxora bitartean gazteekin jardute aldera. Saio horietan, gazteek beraiengan eragina duten hainbat eremuren inguruan dituzten kezkak eta proposamenak jasoko dira. «Ikasketez, etxebizitzaz, enpleguaz, osasunaz, kulturaz eta parte-hartzaileek nabarmendu nahi duten beste edozein gai edo diziplinaz hitz egin nahi dugu. Azken helburua da ondorio batzuk ateratzea, kolektiboaren behar berrietara egokitutako politika publikoak egin ahal izateko", azpimarratu du.
Horretarako, elkarrizketa laburrak egin dira, eta parte hartu nahi dutenek modu errazean bete ahal izango dituzte. Horrezaz gainera, elkarrizketak egingo dira kalean, eta bai talde-elkarrizketak ere. "Gazteen ekarpenez gain, haien inguruko pertsona garrantzitsuen ekarpenak ere bilatzen ditugu, hala nola graduetako irakasleenak, gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten pertsonenak, Hezkuntza, Kultura eta antzeko arloetako udal teknikarienak eta abarrenak. Horrela, elkarrizketa osoagoa izango da, eta ekintza berriak elkarrekin sortzeko aukera gehiago izango ditugu", zehaztu du zinegotziak.
Elkarrizketa-saio horietan parte hartzeko, Gazte Bulegoarekin harremanetan jarri behar da ohiko bitartekoen bidez (944789596 telefonoa, gaztebulegoa@barakaldo.eus helbide elektronikoa edo aurrez aurre San Juan kaleko 17 zenbakiko bulegoan). «Gazte guztiak animatu nahi ditut prozesu parte-hartzaile honetan esku hartzera, hagitz ongi baitakigu zein garrantzitsua den haiei entzutea eta gazteek Udalak hartzen dituen zerbitzu eta erabakietan parte hartzea», adierazi du azkenik.
(ITURRIA: Barakaldoko Udala)
Partekatu: