Barakaldoko erakusketen programazioa abian da, eta hogeita hamar bat ekimen egongo dira urte amaierara arte - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko erakusketen programazioa abian da, eta hogeita hamar bat ekimen egongo dira urte amaierara arte

Barakaldoko erakusketen programazioa abian da, eta hogeita hamar bat ekimen egongo dira urte amaierara arte

2017/09/04


Barakaldoko kultur guneetako erakusketa-programazio berriak gaur eman dio hasiera denboraldi berriari zenbait erakusketa inauguratuz. Gaurtik urtearen amaierara bitartean, 30 erakusketa egongo dira ikusgai hiriko zortzi erakusketa guneetan. Diziplina artistiko desberdinetako erakusketak izango dira eta mota guztietako ikusleentzat. Irailean, batez ere Jose Maria Pinto artista barakaldarraren pintura izango da nagusi, `The soul´s walking—El caminar del alma´ izeneko lana ekarriko baitu udal erakusketa aretora.

Barakaldoko erakusketa guneetan batera jarduteak -Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloak koordinaturik- kalitatezko erakusketa programazioa eskaintzeko bide ematen du, eta horrela, gai desberdinetako erakusketak egongo dira (pintura, Ilustrazioak, argazkiak), bai taldekoak, bai bakarkakoak, udalerriko eta beste udalerri batzuetako artista eta taldeenak.
Gaurtik irailaren 29ra arte, Marta Gutierrez-Solana Montoya artista barakaldarraren `De tripas corazon´ ilustrazio-erakusketa egongo da Gazte Bulegoan. Artista gazte honek irudiei, emakumeei, perspektibei eta deformazioei buruzko lana aurkeztuko du.


Udal Erakusketa Aretoan, irailaren 18ra arte egongo da ikusgai EHUko pintura unibertsitate masterreko Miriam Blazquez Montero eta Maria Aparicio Villanueva bi ikasleen lanak: `Humo y espejos´ eta `Barruak´, hurrenez hurren.


Bestalde, udalerriko zentro zibikoek ere denboraldi berriko programazioari ekingo diote. Irailaren 14ra arte, Kantabriako Kultura Zentroak antolatutako taldeko eta pintura, grabatu eta eskultura diziplina anitzeko erakusketa ikusi ahal izango da Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Gurutzetako Zentro Zibikoak ordea, iraila osoan ospatuko du Zabalketa Elkartearen `25. urteurrena´.


Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak irailaren 12tik urriaren 31ra, `Horacio Echevarrieta´ izeneko erakusketa jarriko du ikusgai, gure historia hurbilean daukagun magnaterik handienari eta eragin handiko pertsonaiari buruzkoa hain zuzen. Erakusketan bere bizitzaren laburpena erakusten digu, industrian hasi zenetik, meatzaritza eta merkataritza alorretan, harik eta 1963an, Munoa jauregian hil zen arte.


PINTURA-ERAKUSKETA IBILTARIA


Irailaren bigarren hamabostaldian, erakusketetako protagonista pintura izango da berriro. Irailaren 15etik 30era, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, Araceli Jalon Cruz artistaren `Memoria de porcelana´izango dugu ikusgai. Irailaren 20tik urriaren 10era arte, Pinto artistaren pintura erakusketa ikusteko aukera izango dugu udal erakusketa aretoan. Ondoren, `The soul´s walking – El caminar del alma´ erakusketa, Sestaora eta Gernikara joango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker.


Halaber, Natur Gelan, iraila osoan ikusgai egongo da hiriko ikastetxeetako lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleek egindako `Barakaldo baso bizidun – El bosque animado de Barakaldo´ lana. Irailaren 18tik azaroaren 30era, Angel Barrios barakaldarrak Ramon Rubial Lorategi Botanikoan bakar-bakarrik egindako `Las flores mas bellas del Jardin´ izeneko argazki-sorta, loreen testurak eta koloreen edertasuna nabarmentzen ditu argazkietan.


Amaitzeko, Errekatxoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroan, honako bi erakusketa hauek egongo dira: irailaren 30era arte,`Argazkiratu 2017´ izenekoa, Argazkiratu 2017ko III. argazki lehiaketara aurkeztutako argazkiak biltzen dituena, eta `Hamaika hilabete, hamaika bizipen. Gerra Zibila Barakaldon – Guerra Civil en Barakaldo´ izenekoa, gerrak hasieratik udalerrian izan zituen ondorioak –Karmengo jaietan- eta matxinatutako armadako brigadak sartu arteko kontaketa egiten du erakusketak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook