Barakaldoko emakumeak udal teknikariekin batera joango dira hirian egon daitezkeen segurtasunik gabeko puntuak antzemateko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko emakumeak udal teknikariekin batera joango dira hirian egon daitezkeen segurtasunik gabeko puntuak antzemateko

Barakaldoko emakumeak udal teknikariekin batera joango dira hirian egon daitezkeen segurtasunik gabeko puntuak antzemateko

2017/05/15


Barakaldok urte eta erdi baino gehiago darama emakumeen elkarte eta kolektiboekin batera lanean, emakumeentzako segurtasunik gabeko puntuak murrizteko eta kentzeko. Gaur, Segurtasunik gabeko Puntuen Mahaiaren azken topaketa izan da. Bertan, Amaia del Campo alkateak emakumeak gonbidatu ditu udal teknikariek segurtasunik gabeko puntuak antzemateko eta kontrolatzeko egiten dituzten ibilbideetan parte hartzera.

Udalak aldizka antolatzen ditu ibilbideak Emakume, Herritarren Segurtasun eta Hirigintza, Azpiegiturak eta Udal Zerbitzuak Arloetako teknikariekin. Hiria zeharkatzen dute Segurtasunik gabeko Puntuen Mahaia osatzen duten emakumeek segurtasunik gabekotzat jo dituzten segurtasunik gabeko guneak ikuskatzen. Ibilbide horietan gunearen egoera egiaztatzen da eta jar daitezkeen neurriak bilatzen dira segurtasunik eza desagertzeko: argiztapen hobea, garbitasuna, ispiluak, eta abar.


¨Uste dugu badela garaia nahi duten emakumeek zuzenean egiaztatzeko teknikariek egiten duten lana, eta haiekin batera joan ahal izateko segurtasunik gabeko puntu berrien bila edo hiriko segurtasunik gabeko guneak murrizten laguntzeko neurrien bila.


Ibilbideak partaidetzara irekiko dira irailean zehar. Gauez burutuko dira, zeren eta une horretan segurtasunik ezaren sentsazio handiena sortzen baita. Gonbidapena Mahaikide diren emakume taldeei luzatu zaie, baina parte hartu nahi duen hiriko edozein emakumezko auzokiderentzat eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoentzat ere zabalik dago. Izena emateko harremanetan jarri behar da Emakume Arloarekin 688 610 462 telefonoan edo igualdad@barakaldo.org helbidean.


800.000 EUROTIK GORA ARGITERIAN ETA TUNEL BI GUTXIAGO


Segurtasunik gabeko Puntuen Mahaia 2015eko irailean jarri zen martxan hiriko segurtasunik gabeko guneak desagerrarazteko asmoz, betiere, herritarren eta udalerriko emakumeen taldeen iritzia kontuan hartuta.


Horrela bada, hasierako bileretan, mapa gainean segurtasunik gabeko puntutzat har daitezkeen guneak adierazi ziren, eta Emakume, Herritarren Segurtasun eta Hirigintza, Azpiegitura eta Udal Zerbitzu arloetako teknikarien ekarpenekin, aipatu guneak hobetzeko ekintza plan bat egin zen.


Taldeek egindako oharpen gehienak argiteriari eta lurpeko pasabideei buruzkoak izan ziren. Lan horretan daramagun urte eta erdian, 800.000 eurotik gora inbertitu ditugu kaleetako argiteria hobetzeko. Azken urtean egin diren jarduketen artean, honako hauek aipatu behar ditugu: Burtzeñako plazako arkupeak, Bidegorria (La Familiar parean), Herriko Plazako pergoletako argiteria eta Gernikako Arbola kaleko arkupeak.


Tunelei dagokienez, Renferen tunelak behin betiko ixteko neurriak abiatu dira, eta Urban eta Murrieta arteko pasabideko lanak hasi dira (1,16 milioi euroko inbertsioa). Burtzeñan hiru semaforo jartzeko obra esleitu da, eta horrela, azaleko pasabide segurua egingo da eta lurpeko tunelak itxi ahal izango dira (145.358 euro gastua).
Gainera, Ansioko tunelean eguneko 24 orduetan egongo da argia, eta bideozaintzako kamerak jartzeko eskabidea onartzearen zain gaude, auzitegiak onartu behar baitu.

Partekatu:
Twitter Facebook