Barakaldoko Udalak maiatzaren 17an ospatuko den Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, jardueren programa antolatu du. Aktore, sortzaile eta pedagogo Javier Liñera hirira etorriko zaigu antzerkiak tresna sozial gisa duen zereginaz gogoeta egiteko.
Topaketa asteazkenean, maiatzak 10, egingo da 19:00etan, Clara Campoamor zentroan. Antzerkiaren eta generoaren artean dagoen loturan aditua eta Errebelazio Egilerik Onenaren kategorian, Max sarietarako hautagai den aktore honek Josu Monterorekin hitz egingo du Ehgamen 2016ko Urrezko Hiruki Saria eta 2016ko Indifest Jaialdiko Ikuskizunik Onenaren Saria duen `Barro Rojo´ obrari buruz. Aipatu antzezlana maiatzaren 13an ikusi ahal izango dugu Barakaldo Antzokian, 20:00etan.
Asteazkenean, maiatzak 17, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, `Tomboy´ filma emango da Barakaldo Antzokian, 20:00etan.
EMAKUMEEN OSASUNAREN ALDE EKITEKO NAZIOARTEKO EGUNA
Bestetik, Emakumeen Arloak ere hitzaldi eta tailer bat antolatu ditu Emakumeen Osasunaren Alde Ekiteko Nazioarteko Eguna ikusgai egiteko, maiatzaren 28an ospatuko dena. Jardunaldi horretarako Osakidetzaren lankidetza izango da –Erkidegoaren Osasunaren Sustapen Programaren bidez.
Horretarako, maiatzaren 29an, astelehena, bi hitzaldi egongo dira 45 minutukoak, Barakaldo-Sestao ESIko emaginen eskutik. Hitzaldi horietan, klimaterioan zehar egoten diren aldaketei eta aldaketa horiek modu osasungarrian bizitzeko ohitura prebentiboei helduko zaie. Atsedena egingo da kafe bat hartuz hizketan aritzeko.
Arratsaldez, pelbiseko zorua indartzeko teknikak erakusteko tailerra eskainiko da. Hitzaldiak 11:00etan hasiko dira eta 13:00etaraino luzatuko dira. Pelbiseko zoruaren tailerra 17:30ean izango da.
Jardunaldi horiek ospatuko dira III. Berdintasun Planaren barruan, iaz Barakaldon onartu zena hiriko auzokideen, elkarteen eta alderdi politikoen ekarpenak jaso eta gero.
Partekatu: