Barakaldok KPIaren igoera proposatu du tasa eta prezio publikoetarako, bi urtez izoztuta egon ondoren - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok KPIaren igoera proposatu du tasa eta prezio publikoetarako, bi urtez izoztuta egon ondoren

Barakaldok KPIaren igoera proposatu du tasa eta prezio publikoetarako, bi urtez izoztuta egon ondoren

2017/10/02


Barakaldoko gobernu taldeak oposizioko talde politikoei gaur goizean helarazi die Tasa eta Prezio Publikoen Ordenantza berrirako KPIaren igoeraren aldeko proposamena. Udalak bi urte daramatza zergak izoztuta, eta horren ondorioz, ahalegin handia egin behar izan du hiriko zerbitzu publikoen kalitateari eusterakoan. Inguruko udalek hartutako neurriak oinarritzat hartuta, % 1,8ko igoera adierazten da Tasa eta Prezio Publikoen zirriborroan.


Hori da iraileko urtetik urterako KPIaren igoera estatu mailan, iragan astean ezagutarazitakoa, hain zuzen. Gauzak horrela, praktikan, datorren urtean, 116,03 euroko OHZ duten herritarrek 2 euro gehiago ordaindu beharko dute, 118,12 euro.


Zaborren zergari dagokionez, igoera oso txikia da, 35 zentimokoa, beraz, 19,46 eurotik 19,81 eurora igoko da.


“Azken urteotako egoera ekonomikoak udaleko politika ez ezik, baliabideak kudeatzeko modua ere markatu du. Prezio publikoak bi urte jarraian izoztearen alde egin genuen, baina eguneratu behar ditugu, kontratuen kostua pixkanaka-pixkanaka igotzen joan baita” azaldu du Ogasuneko zinegotzi Danel Solak.


“Herritarrentzako zerbitzu hauek ematen jarraitu nahi dugu, baina kalitatea galdu barik, eta datorren urteari begira, ahal bada gehiago eskaini nahiko genuke, beraz, nahitaezkoa da indarrean den KPIra egokitzea arautegia” adierazi du.


Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, orain arte 65,93 euro ordaindu duenak, aurrerantzean, 67,12 euro ordainduko ditu, 1,19 euro gehiago. Orain 139,07 euroko tasa ordaintzen duenak, aurrerantzean, 2,5 euro gehiago ordainduko ditu, 141,57 euro.
Gobernu taldearen proposamenean ez dago beste nobedaderik. Orain, alderdi politikoek 15 eguneko epea dute zuzenketak egiteko, eta ondoren, proiektua osoko bilkuran eztabaidatuko da.

 

Partekatu:
Twitter Facebook