Barakaldok eta Bizkaiko Foru Aldundiak lur gaineko pasabide bat egitea hitzartu dute Kareaga eta Retuertoko tunelak ixteko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok eta Bizkaiko Foru Aldundiak lur gaineko pasabide bat egitea hitzartu dute Kareaga eta Retuertoko tunelak ixteko

Barakaldok eta Bizkaiko Foru Aldundiak lur gaineko pasabide bat egitea hitzartu dute Kareaga eta Retuertoko tunelak ixteko

2017/10/23


Burtzeñako tunelak itxita daude. Barakaldoko auzo horretako bizilagunek giltzaz itxi dituzte behin betiko segurtasunik gabeko puntuko (emakumeentzako bereziki) ate metalikoak. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren arteko hitzarmenari esker, hiru semaforo jarriko dira Burtzeñatik igarotzen den N-634 errepidean. Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatu Imanol Pradalesek eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok gaur goizean ikuskatu dute bidegurutze berriko bidea.


Erakunde bien arteko jarduketari esker, orain arte Burtzeña errepidearen azpitik lotzen zituzten lurpeko bideen ordez, beste pasabide bat egingo da. Horrela bada, oinezkoentzako hiru pasabide -semaforodunak- jarri dira, eta lan horietarako, Aldundiak 145.358 euro eman zizkiola Udalari esan behar da.


“Sinbolikoki, tunelak ixteko arduradunak Burtzeñako auzokideak izatea nahi izan dugu. Luzaro borrokatu baitute momentu hori errealitate bihurtzeko” esan du Del Campok.

BATERAKO BESTE JARDUKETA BAT, SEGURTASUNIK GABEKO PUNTU BAT DEUSEZTATZEKO


Diputatuak eskerrak eman dizkio Udalari egin duen lanagatik, eta beste hitzarmen bat iragarri, hiriko segurtasunik gabeko beste puntu bat deuseztatzeko. Kareaga eta Retuertoko tunelak dira. “Azpiko bi pasabideen ordez azalerako oinezkoentzako pasabide bana eta dagozkien semaforoak jartzeko irtenbideaz jardun zitzaigun Udala" azaldu du Pradalesek.


Hainbat lan-batzarren ostean, semaforodun zebra-bidea egitea aurreikusten da 120+070 kilometro puntuan; beste bat, futbol zelairako sarreran, 119+680 kilometroan, eta hirugarren bat, Retuerto auzorako sarreran, 119+440 kilometro puntuan.


Hitzarmenean jasota geratuko da jarduketa egingo den tarteko zoruak gaur egun dauzkan narriaduretako akatsen konponketa. Horrezaz gainera, Burtzeñakoan bezala, lanak egingo diren errepide tartea udal jabetzapekoa izango da.


“Jarduketa burutu ahal izateko, Udalari laga diogu azterlan teknikoa lanen azalpen eta guzti, eta 235.788,80 euroko diru-laguntza” adierazi du Pradalesek.


Erakunde-arteko lankidetzari esker, Barakaldok segurtasunik gabeko beste puntuetako bat desagerraraziko du. “Lur azpiko pasabideak deuseztatzea ezinbestekotzat jotzen dutela esan dute Kareaga eta Retuertoko auzokoek. Jarduketari esker, zeharo aldatuko da egoera, eta azken urteotako obrarik garrantzitsuenetakoa eskainiko zaio auzoari, ez baita bertan ia eraberritze lanik egin" nabarmendu du alkateak. “Gainera, gurutze berria dela eta, errepide tarte horretako bide-segurtasuna hobetuko da, eta trafikoa lasaiagotuko" azpimarratu du alkateak.

HIRU TUNEL GUTXIAGO BI URTETAN


Legegintzaldi honetan, Amaia del Campok Segurtasunik gabeko puntuen Mahaiaren –hiriko emakumeen elkarteek eta alderdi politikoek osaturik- kezkak helarazi dizkie erakunde desberdinei eta, ondorioz, Barakaldok segurtasuna irabazteko zenbait akordio egitea ere lortu du.


Horrela bada, duela hamar egun, Murrieta eta Desertu-Berria lotzen dituen pasabidea inauguratu, eta behin betiko itxi ziren Renfeko tunelak, hori guztia Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker egin zen. Gaur goizean piztu dira Burtzeñako hiru semaforo berriak eta itxi egin dira lur azpiko pasabideak, foru hitzarmenari esker. Eta gutxi barru, Kareagako eta Retuertoko pasabideetako segurtasunik gabeko puntuak desagerrarazteko lanak kontratatuko dira, oraingoan ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker.


“Edonoren atean jotzen jarraituko dugu laguntza eske, Barakaldo hiri inklusiboagoa eta seguruagoa izan dadin” esan du amaitzeko alkateak, eta aldi berean, diputatuari eskerrak eman dizkio barakaldarren eskaerei erantzuteko izan duen prestasunagatik.

Partekatu:
Twitter Facebook