Barakaldok Covid pasaportea eskuratzeko laguntza eskaintzen du adinekoen zentroetan; saltokien eta ostalaritza lagunkoiaren laguntzarekin - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok Covid pasaportea eskuratzeko laguntza eskaintzen du adinekoen zentroetan; saltokien eta ostalaritza lagunkoiaren laguntzarekin

Barakaldok Covid pasaportea eskuratzeko laguntza eskaintzen du adinekoen zentroetan; saltokien eta ostalaritza lagunkoiaren laguntzarekin

2021/12/20


Barakaldoko Udalak, Mikel Antizarrek zuzentzen duen Gizarte Ekintza Arloaren bidez, adineko pertsonei Covid ziurtagiria eskuratzen laguntzeko zerbitzu bat jarri zuen martxan pasa den astean, Barakaldok adinekoekin lagunkoia den hiri bihurtzeko dituen helburuen barruan. Horretarako, izapidea gauzatzerakoan zailtasun gehiago dituztenek, udalerriko adinekoen edozein zentrora bertaratu ahalko dira, eta bertan, hurbiltzaileen bitartez (Enplegu Planaren bidez zentroetan egon ohi diren laguntzaileak), azalpenak eta laguntza jaso ahalko dituzte Covid baimena eskuratzeko; horrela, uneoro aldean eraman dezaten, telefono mugikorrean edo paperean.

Pasa den astetik, beharrezkoa da Covid pasaportea taberna, jatetxe, kultura-ekitaldi, kirol-ekitaldi eta abarretara sartzeko. "Ia-ia ezinbestekoa da bizitza soziala egiteko eta horregatik nahi izan dugu egon Covid pasaportea internet bidez eskuratzeko zailtasun gehien dituztenen alboan", azaldu du Antizarrek.

Horren haritik, Barakaldoko adinekoen 9 zentroak antolatu dira, Enplegu Plan berriaren bidez iritsi diren eta ISZn instalatu diren hurbiltzaileen zein Adintek programako arduradunen laguntzarekin. Azken programa hori adinekoak teknologia berrien inguruan prestatzeko sortu zen. Proiektu honetan, era berean, hiriko KZguneek ere lagundu dute. Barakaldarrak gune horietara joan ahalko dira laguntza bila, baina, kasu honetan, hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik telefono-zenbaki honen bitartez: 944 03 33 19.

Gainera, zerbitzuak Barakaldo Lagunkoia programaren parte diren saltokien eta ostalaritza-lokalen laguntza du. "Barakaldo adineko pertsonekin lagunkoia den hiri bilakatzeko konpromisoa hartu duten lokalak dira, eta behin ere ez dute dudarik izan beren establezimenduetan adinekoei zerbitzu hau ezagutarazteko kanpaina honetako kartela jartzeko", adierazi du zinegotziak. "Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuet zuen inplikazioagatik".

PASAPORTE DIGITALA EDO PAPEREAN

Covid pasaportea eskuratzeko, adinekoen zentro batera bertaratu eta bertan eskatu besterik ez dute egin behar. Hala, bertan, hori eskuratzeko internet bidez jarraitu beharreko urratsak azalduko zaie, prozesuan zehar gidatuko zaie ziurtagiria eskuratu arte eta beren telefono mugikorretan toki irisgarri batean gordetzen lagunduko zaie. Era berean, papereko formatua ere izan nahi duten pertsonek, beren Covid pasaportearen kopia bat egin ahalko dute Anaien parkeko ISZn.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook