Barakaldok Bizkaiko lehenengo swing jaialdia antolatu du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok Bizkaiko lehenengo swing jaialdia antolatu du

Barakaldok Bizkaiko lehenengo swing jaialdia antolatu du

2017/09/15


Gaur egun, berriro dago modan Estatu Batuetako hegoaldean duela ia ehun urte sortu, eta geroago, New Yorkeko gau-dantzaldietara ere eraman zen swing musika. Oso energia handiko eta erritmo bizkorreko musika hau hirian entzun eta dantzatu ahal izango dugu datorren asteburuan `Barakaldo Swing Festival´ ekimenari esker. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza duen Bizkaiko lehenengo swing jaialdia da.

Duela urte batzuetatik hona, Euskadi osoan zehar gogo biziz dantzatzen duten zale eta profesional talde ugari sortu dira. Horregatik, Barakaldoko Udalak, Turismo arloaren bidez, musika mota hau ez ezik, berarekin datozen hainbat dantza ere ezagutarazteko asmoz antolatu du jaialdi hau. “Aisialdian dantza-eskoletara joan nahi duen gero jende gehiago dago. Swinga indarra hartzen ari denez, uste dugu Bizkaiko lehenengo swing jaialdia antolatzea oso elementu berezigarria izan daitekeela Barakaldorentzat, jendea erakartzeko eta sektore horretako erreferente bilakatzeko” esan du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.

Gauzak horrela, bi egunetako jaialdia izango da, ostiralean eta larunbatean, eta jende orori zuzendutako doako hainbat ekitaldi egingo dira hirian zehar. Hasteko, swing-ean espezialista den Crazy Jazzers talde bilbotarra (Nueva Orleanseko kale-bandetan oinarritua) hiriaren erdigunean ibiliko da ostiralean 18:30etik aurrera.


Ostiral arratsalde horretan, saio bikoitza egongo da. Herriko Plazan, 19:30etik aurrera, hasiberrientzako Lindy Hop tutorialak –swing eta dixiland eta charleston bezalako estiloak txertatuak- programatu dira. Monitoreak ibiliko dira dantza mota honetan hasi eta beranduago egongo den kontzertuan parte hartu nahi duten guztiei -zahar zein gazte- teknika desberdinak eta koreografiak erakusten. Tutorial saioa larunbatean, ordu berean, egingo da berriro. “Swing dantza motan hasteko aukera paregabea egongo da, eta gainera, musikaz eta dantzaz doan gozatzeko bide ere, familian eta lagunartean” adierazi du Del Campok.

THE ELECTRIC SWING CIRCUS-EN ETA BANDAREN KONTZERTUAK

`Barakaldo Swing Festival´ ekitaldiaren protagonistak ostiraleko eta larunbateko kontzertuak dira. Egun bietan, 21:00etatik 22:00etara eta Herriko Plazan emango dira.

Barakaldoko jaialdi honetako gonbidatua ostiral gauean egongo den The Electric Swing Circus talde britainiarra da. “Gaur egun, musika estilo honetan dagoen talderik ospetsuenetako bat da, udan, hogei bat kontzertu izan ditu programatuta, eta orain, Bretainiako eta Europako zenbait hiritan emango ditu azken kontzertuak, baina, Estatuan, bakarra emango du, eta Barakaldon” azpimarratu du alkateak.

Larunbatean, 20:00etatik 21:00etara, Crazy Jazzers taldeak berriro joko du zuzenean, baina oraingoan, hasierakoak izango dira, ondoren, Barakaldoko Udal Musika Bandak 21:00etatik 22:00etara swing errepertorioa eskainiko baitu (Glen Miller, Benny Goodman, Count Basie, Duke Ellington klasikoen piezak).

`Barakaldo Swing Festival´ ekimena hirian jarraipena izateko asmoz sortu da. Horregatik, hiria dinamizatzen duten sektoreak inplikatu nahi izan ditugu, hala nola Hiriko Enpresa eta Merkataritza Elkartea, ACE. “Ziur gaude, horrelako programa batek kalean bizitasuna eragingo duela, beraz, oso garrantzitsua da hiria dinamizatzen ari diren merkataritza eta ostalaritza ere kontuan hartzea. Horrela bada, ACEk bat egingo du jaialdiarekin eta `Swing merkealdiak´ azoka antolatuko du eta jaialdiaren erritmoari eutsiko dio aste osoan. “Saltokiek udako kanpainari amaiera emateko aprobetxatuko dute, bai eta beraien produktuak ezagutarazteko ere, % 70erainoko merkealdiak eskainiz” azaldu du Del Campok, ACE Barakaldoko lehendakari Ana Morgadorekin batera. Azoka asteartean, irailak 26, hasiko da eta astebetez egongo da.

Motorrak berotzeko, 150 bat saltokik `Barakaldo Swing´ informazio-kartela jarriko dute beraien erakusleihoetan, “asteburua heldu baino lehen, barakaldarrak swing musika entzuten has daitezen” esan du Morgadok.

“ACEn beti gaude prest hiria sustatzeko positiboak izan daitezkeen ekimenetan parte hartzeko. Merkataritza eta ostalaritza hiriaren parte gara, eta bizitasuna emateko asmoz dihardugu. Beraz, ekimen honekin ere bat egiten dugu, ziur gaudelako hasi eta jarraitu ere egingo duela” esan du amaitzeko.
 

Partekatu:
Twitter Facebook