Barakaldok beste bi komun publiko jarri ditu Gurutzetako plazan eta Gorostizako kiroldegiaren ondoan - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok beste bi komun publiko jarri ditu Gurutzetako plazan eta Gorostizako kiroldegiaren ondoan

Barakaldok beste bi komun publiko jarri ditu Gurutzetako plazan eta Gorostizako kiroldegiaren ondoan

2022/01/07


Barakaldoko kaleetan beste bi komun publiko egongo dira. Koronabirus gaitzaren ondorioak arintze aldera abian jarri ziren parte-hartze izaerako aurrekontuetan barakaldarrek gehien bozkatutako neurrietako bat izan zen. Ekipamendu berriak Gurutzetako plazan jarriko dira, berrikuntza osoko lanak egiten ari diren tokian, alegia, bai eta Gorostizako kiroldegiaren ondoan ere.

Barakaldarrek, besteak beste, hirian komun publikoak jartzea proposatu zuten. "Pandemia dela-eta, denbora gehiago ematen dugu aire zabalean, eta parte-hartze izaerako aurrekontuetan planteatu zuten aukeretako bat, hain zuzen ere, hirian komun publiko gehiago izatea izan zen, espazio itxietara sartzea ekiditeko", adierazi du Jon Andoni Uriak, Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Zentzu horretan, udalak aztertu egin du zein gunetan diren beharrezkoen, pertsonen joan-etorriak aintzat hartuta. Gauzak horrela, Gurutzetako plaza berria aukeratu da, komuna oso narriatuta baitago jada eta irisgarriago den bat jarri behar delako. Bigarrenik, Gorostizan beste bat jartzea erabaki da; hala, auzokideen eskariei erantzungo zaie eta, bide batez, hizpide dugun zerbitzua emango zaie espazio hori aisialdirako erabiltzen dutenei.

Adjudikatzeko zorian dago obra, eta 105.270 euroko aurrekontua du (BEZa barne), bi komun publiko berriak eskuratu eta jartzeko erabiliko dena. Horrez gain, kabinek, aldeetako baten kanpoaldean, bere kasa garbitzen diren altzairu herdoilgaitzezko hiru pixatoki izango dituzte, lurrera arte helduko direnak, eta haien artean material bereko babes-bereizgailuak izango dituztenak. Halaber, espazio horrek atzeraemangunea eratuko du kabinan, goiko zein alboetako aldeak estalita eta babestuta egon daitezen.

Mugikortasun urriko pertsonentzat guztiz egokituta egongo diren komunak dira. Barrualdeak zein kanpoaldeak beiraztatutako gresitezko baldosa txikiz estalita egongo dira. Barruko elementuak bandalismoaren aurkakoak izango dira, altzairu herdoilgaitzezkoak.

Honako hauek izango dituzte komunak: komunontzia; komuneko paperaren banagailua, papera ez lapurtzeko sistema izango duena; ur-isuria automatikoki eteteko sistema izango duen konketa; kontsumo txikiko esku-lehorgailu elektrikoa; xaboi-banagailua; kakotegia; ispilua; desgaitasuna dutenentzako eusteko barrak; pardelak aldatzeko mahaia; aire-gozagarria; eta komuna erabiltzeko geratzen den denbora adierazten duen erloju digitala. Segurtasun-arrazoiak direla eta, ez dute paperontzirik izango.

Azkenik, komunen kanpoaldean argi-adierazleak egongo dira, komunak hutsik dagoen, erabiltzen ari diren, edo automatikoki garbitzen ari diren jakiteko. Era berean, termostato batek komunaren barrualdeko berogailua kontrolatuko du, tenperatura erosoa mantentzeko.

Komun biak jartzeko obrak, gutxi gorabehera, sei hilabeteko epean egikarituko dira, kontratua sinatzen denetik zenbatuta.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook